Author: Xabi Otero
•11:03 AM
Zinez, asko daukagu ikasteko Belgradoko ikasleengandik. Duela hamar bat egun ikusi nuen lehen argazkia egunkarian. Moztu eta mahai aurreko kortxoan itsateko modukoa zen: ikasle gazte batek Lucky Strike zigarro bat eskaintzen zion antidisturbioetako lehen lerroan zegoen poliziari. Poliziak, erromatarrak filmetan bezain ongi akorazaturik egon arren, aurpegia agerian zuen. Haren kaskoak gehiago ematen zuen meatzariarena poliziarena baino. Antidisturbioetakoak irribarre egiten zuen. Horretxek eman zidan atentzioa lehenbizi: antidisturbioak irribarre egiten zuen. Antidisturbio eta irribarre hitz kontrajarriak zirela uste izan dut beti.

Ez zen ordea hor bukatu kontua. Joan zen astean, beste argazki bat aurkitu nuen egunkarian, aurrekoaren moduko zuri-beltzezko erradiografia. Oraingoan, antidisturbio lerroaren aurrean neska bat zeoen, ikaslea hau ere, eta gailetatxo bat eskaintzen zion poliziari, parke zoologiko batean balego bezala. Oraingoan ere, antidisturbioak irribarre egiten zuen. Lehen argazkia nahiz bigarrena ikustean, zalantza berarekin geratu nintzen: poliziek onartu ote zituzten kasleen zigarro eta gailetak? Artikuluak goitik behera irakurri banituen ere, ez zen bertan horrelakorik zehazten. Nik ez dakit zertan daukaten burua kazetariek azken aldi honetan. Xehetasunik garrantzitsuenak ahazten zaizkie beti.

Hirugarren argazkia duela hiruzpalau egun ikusi nuen. Hirugarren hau ere, aurreko biak bezalatsu, Belgradoko erdigunea zaintzen zuten antidisturbioko poliziak lehen lerroari ateratako argazkia zen, eta ikasleek, berriro ere, oposizioaren garaipena aldarrikatzeko asmoa zuten Milosevic presidentearen etxe aurrean. Hirugarren argazki honetan, ordea, ez zegoen itxuraz polizien eta ikasleen artean komunikaziorik. Aurreko biak ez bezala, gauez zegoen aterata. Bi ikasle, parez pare eserita, xake-jokoan ari ziren, beren zereginean buru-belarri itxuraz, xake taula plastikozko fruta kaxa baten gainean ezarrita zutela, antidisturbio lerroaren aurrean. Asko geratzen zaigu ikasteko Belgradoko ikasleengandik, pentsatu nuen berriro.

Oraingoan ordea, apur bat sinesgaiztuta, fotokopia-denda batera jo eta argazkia handitzeko eskatu nien, antidisturbioko lerroko polizien aurpegiak hobeki ikusteko. Anpliazioa aztertzean, nire susmoak baieztatu egi nituen. Polizia guztiek zuten irribarrea ezpainetan. Eta ez zen haien parean jokatzen ari ziren xake partidan matea emateko era aurkitu zutelako, haiek guztiak argizarizko maniki klonikoak zirelako baizik. Parisko pasareletatik merke-merke ekarriak. Manikiak kartara eta manikimenua. Prêt-à-porter, uste dut esaten zaiola horri.
This entry was posted on 11:03 AM and is filed under , , . You can follow any responses to this entry through the RSS 2.0 feed. You can leave a response, or trackback from your own site.

0 comentarios: