Author: Xabi Otero
•10:21 AM
Bartzelona hiri zoragarria da. Kalean zoazela banatzen dizkizuten propagandazko produktuak kontsumituz soilik biziraun daiteke bertan, ezer erosi beharrik gabe. Honako kale honetan promozio kanpainako aguakate zumo berria emango dizute, harako kale hartan zapore arrarodun opila dastaraziko dizute, diskoteka atarian diskrezio handiz Hugo Boss kolonia-toilatxoak eskainiko dizkizute, eta horiekin denekin kargatuta bueltauko zara etxera. Nola esan, Bartzelonan oinez zoazenean hegazkinean bazindoaz bezala sentitzen zara. Hori bai, noiz edo noiz, atxiloturen bat nabari da Poliziaren kotxe sirenadunetara sartzen, eskuburdinak jarrita: birziklaia enpresetara saltzeko asmoz hildakoen kristalezko begiak zerraldoetatik lapurtzen dituen eskaleren bat, gehienetan. Bankuetako kutxazain automatikoetan lo egiten dute neguan eskaleek. Hiri handi orotan bezala, era guztietako jendea aurki daiteke Bartzelonan. Inork ez die erreparatzen sex-shop-etako atarietan munduaren amaiera prekidatzen duten haiei. Argentinarrez beteta daude Bartzelonako pentsioak. Pentsioetako harreralekuetan inoiz ez zaizu egokituko pertsona bera bi aldiz. Pentsioetako harreragileak dira hara eta hona klandestinoki dabiltzan lehenengoak.

Bartzelona hiri zoragarria da. Printze urdinen hiria. Errege-familien ezkontzak ospatzeko hiririk egokiena da Bartzelona. Baina ez da dirudien bezain sumisoa. McDonald's ezberdinak zaintzen lau mila polizia eta lau mila segurtasun-guardia dauden arren, Bartzelonak badaki hiri errebeldea izaten ere. Parkeetako hormetan era guztietako proklamak irakur daitezke. Adibidez: bizitzea luxu bat denean okupatzea eskubide bat da. Edota: nahiago ditugu igelak printzeak baino. Edota beste hau: bilatzen dudan ez da maitasuna, konplizidade iraunkor bat baizik. Edo: hobe igel bakarra eskuan ezen ez ehundaka printze zeruan.

Baina Bartzelonara doan bisitariari atentzioa gehien ematen diona hiriaren izaera neurtua da. Eraikuntzen altuera kalkulatua eta doitua, kale koadrikulatuen arrazionaltasuna. Metroa ere, kolore anitzez seinalatua, hiri handi gehienetan ez bezala, hagitz erabilterraza da. Zaila da lurpeko katakunbetan galtzea. Bero egiten du metroan, hori bai. Infernuaren gertutasuna suma daiteke metalezko sareen tarteetatik orroka. Egia da Gaudiren arkitektura kurbatuak kontrastea egiten diela abenida perpendikularrei, baina arreta apur bat jartzea nahiko da dena ongi estudiatua eta ikertua dagoela ikusteko. Dena dago ongi pentsatutako osotasun baten zerbitzura. Den-dena bere lekuan.

Adibide bat nahikoa da hau ulertzeko. Pentsa, hain ongi dago dena pentsatua, ezen, zoologikoaren ondoan baitago parlamentua.
This entry was posted on 10:21 AM and is filed under , , , . You can follow any responses to this entry through the RSS 2.0 feed. You can leave a response, or trackback from your own site.

0 comentarios: