2018n bi egoitza izan ditut, biak Iberiar Penintsulan, baina elkarren antipodak direnak. Urte emaritsu honetan, korronteak
eramaten utzi eta iparra galdu dut hegora joateko. Atmosferaren arabera, latitudean
eta altitudean igoz, bisitatutako lekuen maparen eskala murrizten dudan
bitartean, bizitzaren ekuatorera iristen naizenean garraiatzen jarraituko dudan
edo noizbait metatuko naizen neure buruari etengabe galdetzen diodalarik. Emigrante
hau prezipitatuegia dela diotenak ere badaude, baina ezin dute imajinatu zenbat
harritu nauen orain arte bizitzak eskaini dunak (barkatu, duenak). Paragrafo honen
longitudea gehiago luzatu nahi gabe ere, hona hemen 2018n gehien gustatu
zaizkidan 15 lekuen zerrenda:
15. Ilha
Barreta (PORTUGAL)
2018ko
hasiera zein amaiera markatu dituen lekua da, nire ikerketa-zonaldea izan den
heinean. Beste hitzetan esanda, nire pasioari buruz ikasten eta erronken bidez nire
bizitzako helburuak betetzen lagundu didan lekua da; horren truke, neuk ere
nire ekarpen txikia egin diot, gure arteko laguntasun moduko bat sortuz.
Idazleek bezala, uharteak bere pseudonimoa dauka eta Ilha Deserta (Basamortu
Irla edo Irla Bakartia) izenpean ezagunagoa da jendartean. Egia da turista
dezente joaten direla egunero, uhartearen izenaren esanahia kolokan jarriz,
baina bisitariak saihestea nahiko erraza da, gehienak lehendabiziko metroetan
geratzen direlako. Hala, 15 minututan jendetzatik alde egin dezakezu, irla
guztia bereganatzen duzuneko sentsazioa emanez, baina errealitatean, bera da
zeharo harrapatzen zaituena eta beste dimentsio batean uzten zaitu, pentsakor, bere
edertasunaren gatibu.
14. Praia do
Camilo (PORTUGAL)
Zerrendan
barrena ikusiko denez, kostaldea izan da aurtengo jaun eta jabe. Zalantza
barik, normalean mendia nahiago dudan arren, aitortu behar dut Algarveko
kostaldea mendia baino ikusgarriagoa dela. Funtsean, Portugaleko hegoaldeko kostaldea 80 km jarraian hedatzen diren itsaslabar txunditzaileez osaturik
dago. Zalantza ugari izan ditut horietako bat besterik ez aukeratzeko, baina
urte honetan, Lagos-en inguruan dagoen hondartza berezi honekin geratzen naiz, Algarveko
paisaia tipikoaren miniaturazko adierazlea izateaz gain, ia urtaro guztietan
bisitatu dudalako. Hala, aurpegi ezberdinak atera ahal izan dizkiot hondartza
berberari, iluntasunetik bizitasunera, isolamendutik masifikaziora,
automatismotik erabateko konexiora. Behin eta berriz ikusi duzun film horren
antzera, non, hamaika bider ikusita ere, zerbait ezberdina aurkitzen diozun aldi
bakoitzean. Azken bisitan, baina, ez nintzen hain motibaturik joan, ustekabe
gehiagorik izango ez nuela pentsatzen nuelako. Orduan, giro nahasiaren
ondoriozko ekaitz baten lehendabiziko tximisten intentsitateak itsumustuan
kendu zizkidan aurreiritzi horiek, hondartza honek duen liluratzeko ahalmena
zalantzatan jartzea ofentsa hutsa dela adierazi nahiko balu bezala.
13. Segovia
(ESPAINIA)
Zerrenda honetan
asko atsegin dudan gauzetako bat da urtearen lehenengo zein azken egunetako
lekuak agertzen direla, 365 egunak garrantzizkoak direla azpimarratzen duena. Aurten,
lehendabiziko aldiz, Segovia ezagutu ahal izan dut eta hiri historiko
ikaragarria iruditu zait. Segovia erromatarraren akueduktuaren bila joan eta
bat-batean Siqubiyyah arabiarraren alkazarrarekin topo egin, pixka bat
beranduago Aro Berriko Segoviako katedral erraldoia ederresten egoteko. Garai
ezberdinetako ondare hau oso aberatsa da, hiriak ongi dakienez, eta
horrexegatik eskaintzen ditu monumentu hauek miresteko txoko ugari. Behin baino
gehiagotan entzun nituen Segoviari buruzko iruzkin positiboak, baina polita
izan da nire begiek konfirmatu ahal izana.
12. Grottes
de Bétharram (FRANTZIA)
Mugatik gertu
bizitzeak herrialdez aldatu ahal izateko abantaila dauka, argi eta garbi. Hori
dela medio, Frantziaren barruko aldean dauden kobazulo hauetara joateko aukera
izan nuen. Egia da Bétharram-eko leizeak oso turistikoak direla, baina kobazulo guztiek asko
erakartzen nauen energia berezia daukate. Magia egiten dute, zeren eta eguzkiak
duen bizitza sortzeko botere nagusitzailea ezerezean uzten duten, ilunpeko
ekosistema propioak eratzearen bitartez. Honekin batera, eguzkia ez ikustean,
beste dimentsio denboral batean mugitzen zara, lur azpian ez baita denbora
existitzen, edo ez behintzat azalean ezagutzen dugun modukoa. Denbora motelago
doala dirudi, erlatibitatezko arauei men eginez, edo agian lur gainekoa da
azkarregi doana, ez dakizu, ez dizu axola. Esparru horretan ez dago presarik,
ezta erantzunak aurkitzeko premiarik ere. Geldotutako dimentsio horretan barrena
mugitzen jarraitzen duzu, Segoviakoekin lehia lezaketen hainbat eskultura
natural antzemanez. Baina hemen monumentuak eraikitzeak ere milioika urte eskatzen
ditu, beraz, soilik arkitektorik pazientziadunenak jorratu ahal izan ditu. Kolpe bakoitzaren gogortasuna zeharo kontrolatzen duena,
zehaztasun milimetrikoa erdiesten duen bakarra, bere trebetasunean konfiantza
edukiagatik umila baino umilagoa dena, bere izenak bakarrik bi letra
izateraino: UR.
11. Budapest
(HUNGARIA)
Bost urte baino gehiago neramatzan hiri honetara joateko gogoz eta azkenean, 2018n lortu egin dut. Amets bat errealitate bilakaturik. Europako hiriburu nagusienetako bat izanda, baditu eraikuntza erakargarri ugari eta hori nahikoa izango litzateke ni bezalako turista bat harrapatzeko. Baina horretaz gain, hain erraz azaldu ezin diren gauzak sentitu nituen bertan. Alde batetik, hungarierarekiko dudan maitasuna, bere zolitasunagatik ez ezik bere kokapenari lotutako misterioagatik ere bai, eta misterio horrek berak irribarretsu uzten zidan hizkuntza xarmagarri hori aditzen nuen bakoitzean. Beharbada hango janari paregabeak ere eragina izan zuen, mendebaldeko mugetan dauden herrialdeen gastronomiarekin zerikusirik ez duelako. Baina dudarik gabe, garrantzitsuena da herrialde horrekin azken urteotan izan ditudan konexio guztiak, bizitzak bertako jende zoragarria jarri didalako bidean, Hungaria bisitatu behar nuela azpimarratu nahiko balit bezala. Egia da oraindik ere baditudala gauza asko esploratzeke, baina herrialdearen kulturari buruz ikasten ari nintzela, sentsazio batek bereganatu ninduen: Hungariak eman didana itzultzen hasi naizenekoa.
10. Aiako
Harria (EUSKAL HERRIA)
Aurretik
aipatu dudan gisan, urte guztiko lekuak sartu dira aurtengo zerrendan eta hona
hemen ia bukaeran sartu egin dena. Aspaldiko partez ezaguna, izugarrizko
ustekabea izan zen negu honetan mendi hau igotzea. Ibilaldia bera ikaragarri
gustatzen zait eta egun hartan zegoen lainoaren misterioak erabat zoratu
ninduen. Eskozia ekarri zidan gogora, paisaia 30 segundoro aldatzen zelako, ordura
arte ezkutatuta zegoena agerian utziz eta lehen ikus zenitzakeen gauza bakarrak
supituki estaliz. Joan-etorri ero horretan kulunkatzen ziren tontor guztiak,
kaixo eta agur esaten, lainoa gailentzeko norgehiagoka, ibiltarien miresmena
zeinek bereganatuko zain. Azkenean, gailurrek esku baten hatzen forma
harrapatzen zuten, zeintzuen artean lainoa labaintzen zen pareta granitikoak
ferekatuz. Eta oso kuriosoa iruditzen zait azken aldi honetan hain hunkituta
sentitu izana hainbeste ezagutzen nuen tokian. Betiko lekua, baina atzerrian
bizi zarenean, atzerria bihurtzen da betikoa eta betidanik betikoak izan ziren
lekuak ez betikoak bihurtzen dira, eta bat-bateko ez betikotasun hori da betiko
markatuko zaituena.
9. Itálica
(ESPAINIA)
Batzuetan,
gertuko leku batean zaudela, izugarrizko bidaia egiten duzu, agian ez
espazioan, baina bai denboran. Bai, historian zehar bidaiatzea posiblea da,
zure burua erabiliz.
Geografia fisikoaren maitale amorratua izanagatik, balio handia ematen diet
leku historikoei, batez ere Antzin Aroko garaikoei. Ateak gurutzatu eta
segituan zure adimena eta zure gorputza 2000 urtek banantzen dituzte, eta bidean
aurkitzen duzun harri bakoitzari magia dario, milurtekoetan garatu diren
kontakizun misteriotsu pila bat gordetzen dutelako. Eta agian aztarna
horiek beraiek izan ziren Lepidoren kondairaren narratzaileak, beharbada nik
asmatutakoa ez eta benetako gertakizuna izan zen hura. Zeren historian pertsona
jakin batzuek aukeratutako gertaera jakin batzuk baino ez baitira
kontatzen eta leku horretan gorde ez diren hainbeste gauza jazo zitezkeen, ezen apur bat pentsatuz gero, edozein istorio egiazkoa izan daitekeen.
Behin, Reclus-ek oso esaldi interesgarri bat formulatu zuen: “Geografia espazioaren historia da eta historia denboraren geografia”. Nik esaldi horren bertsio propio bat egin dut, leku honetara ederto egokitzen dena: "Historian edo geografian bidaiatzea gauza bera da; kontua da burua ala hankak erabiltzen dituzun".
8. Monsaraz
(PORTUGAL)
Eramaten utzi
eta dena ederki joango da. Zeuk leku zatarrena ere berezi egin dezakezu zure
aukeren arabera, mezuak eta ikasgaiak han-hemenka ernetzen baitira eta zuk erabakitzen baituzu noiz uztatu. Monsaraz ikaragarri polita den herri bat da eta
oso historia interesgarria ezkutatzen du bere harresien barruan, bertako
monumentuak horren lekuko izanik. Baina hori gutxi balitz, bertan bizi izandako
esperientziak azken kutsua eman zion. “Elkar babestu behar dugu” esan ziguten
eta guk oso ondo ulertu genuen zeintzuk ginen “elkar” horiek. Egia hutsa,
errebelazio gisa ailegatu zitzaiguna, baina nolabait gu mezu hori bilatzen ari
ginen loturarik gabekoak ziruditen ekintzen bidez, harik eta aurkitu genuen
arte. Eta eguna amaitzeko, izugarrizko ostadarra azaldu zitzaigun, alegia, gure azken
orduak modu ezinhobean laburtu zitzakeen fenomenoa: ostadarrak kolore nahasketa ordezkatzen duelako, beraz, egun horretako kulturaniztasuna irudika lezake;
ostadarra zibilizazio askoren iparrorratza izan delako eta zentzu honetan, galduta
genbiltzan momentuak sinbolizatuko litzake, non norabide zuzena erakusten
zigun; eta, azkenik, ostadarra iraultzaren ikurra ere delako, hots,
gure pertsonifikazioa izan liteke, gu gizartearen aurreiritzien aurka matxinatu
berri ginelako.
7. Sandrati
Tunela (EUSKAL HERRIA)
Eremu natural batera goaz oraingoan,
non elementu antropikoek ere ordezkapen txiki bat duten. Natura eta kultura,
gustatzen zaidan proportzioan konbinaturik. Ibilaldia hasi eta berehala
Aizkorriren handitasunak inguratzen zaitu, bere profil nahasezinarekin, eta
iruditzen zaizu lur horiek ibili dituen gizaki bakarra zarela. Zure
konpainiarik gertukoena zure arnas propioaren oihartzuna da, nolanahi ere oso
bidaide entretenigarria, soinua agertoki erraldoi horretan erotzen delako,
pareta kareharritsu guztien kontra behin eta berriz jotzen, atomo baten
elektroien antzera. Orduan, bidean aurreratu ahala, Sandratiko tunelarekin
egiten duzu topo. Pasabide guztiak bezala, Sandratikoa satorrarena egiten duen lur azpiko zubi bat baizik ez da, arroka zeharka zulatzen duena. Aldi berean, trantsiziozko elementu bat denez gero, nolabait abisatu nahi digu puntu horretatik aurrera naturak bere hegemonia galduko duela, kultura interesgarria gehituko zaiolako. Egia da, aztarna arkeologikoek
iradokitzen baitute tunela duela milaka urtetatik erabilia izan dela eta horregatik, mota
guztietako eraikinak egin dira bertan, Sandratiko Ermita, besteak beste. Tunela satorraren etxeko ataria dela onartzen badugu, ermita bere gordelekua litzateke.
Tunelaren
bestaldean aurki ditzakegun altxorren artean, kareharrian azaltzen diren dolinak
saihesten saiatzen den erret-bide bat gailentzen da, eta nahiz eta bere jatorri erromatarra
ukatu egin den, ez dio magikoa izateari uzten. Elementu erakargarri hauetaz aski disfrutatu ostean,
ilunpeko tunel bera zeharka dezakezu berriz eta orain ermitaren ateetan gera
zaitezke hausnartzen. Ez baita kasualitatea ermita gehienak oso leku berezietan
kokatuta egotea, naturaren edertasunak espiritualtasuna eta zeure buruarekiko konexioa
bultzatzen dituelako. Hala, hortik igarotzen den edozein ibiltarik energia aparta
sentituko du eta segituan ulertuko du ermitauak oso pertsona azkarrak zirela.
6. Praia da
Falésia (PORTUGAL)
Itzul gaitezen kostaldera beste behin. Praia da Falésia Algarven aurkitu nuen azken hondartza izan da, oso leku turistikoan, baina leku turistikoenetan ere bazter politak egon daitezke. Bere esanahia “Itaslabarraren Hondartza” da eta oso izen barregarria da Algarvea itsaslabarrez josita aintzat hartzen badugu, batik bat hondartza honek itsasertz leunenetakoa daukalako, mendebalderago dauden hondartza malkartsuen aldean. Bertara ailegatutakoan, ikusiko duzu itsaslabarrek kolore beroen sekuentzia bat aurkezten dutela eta hortxe daude, itsasoaren urdintasunari so, desafiatuz bezala. Arrazoiz, urak aise desegiten dituelako egitura hauek, izugarrizko higadura-festak muntatzen direlarik. Bai, Falésia Hondartzak ez ditu ondoko hondartzen patroiak segitzen, baina oso bestelakoa izanda ere, askoz ere arroka bigunagoak edukita ere, ez da atzean geratzen eta bere ezaugarri bereizgarriak abantaila bihurtzen ditu, bere izaera propioa aldarrikatuz. Bisitatzen dudan bakoitzean, gogora datozkit txikitan edalontziak kolore ezberdinetako harearekin betetzen genitueneko garaiak. Eta duela 20 bat urte gertatzen zitzaidan gisan, munduko denbora guztia eman nezake kaleidoskopio polit horren konbinaketa guztiak ikusten.
5. Bardeak (EUSKAL
HERRIA)
Kostaldetik urrunduko gara istant batez leku zoragarri honetara bidaiatzeko. Nafarroako Parke Natural hau gizakiak eragindako basamortu bat da, Praia de Falésiaren lehengusua dena. Hortaz, bere senidearekin partekatzen du izaera iraultzailea, Euskal Herrian hain adierazlea den kolore berdearekin erabateko kontrastea egiten duelako. Are gehiago, Euskal Herria Lurra balitz, paisaia desolatu hau estralurtarra litzatekeela esango genuke. Geologian, badlands deritze mota hauetako espazioei, hots, lur txarrak, kontzeptua arroken higagarritasunean zentratzen delako, zeren eta bidaiariei eskaini ahal dizkieten esperientziei dagokienez, ez dira batere eskasak. Esaterako, polita da ikustea ubidetxo txikienek ere badutela harrietan arrastoren bat uzteko nahikoa potentzia, hiri handienetako abandonaturiko hormetan izenik gabeko artistek grafitiak margotzen dituzten era berean. Eta ez genuke eragile txiki hauen ahalmena gutxietsi behar, asko direlako eta euren indarrak biltzen dituztenean, ibai arrunt batek baino askoz ere energia altuagoa erdiesten dutelako, bertako arroila erraldoiak horren lekuko direlarik. Orduan, honen bidez tolerantzia eta errespetuari buruzko ikasgai bat irakatsi nahi digute, bide batez batasunaren boterea gogoraraziz. Hala, gu bezalakoak ez direnak baztertu ezean, desberdintzen gaituenean oinarritutako gizarte anitz bat sor dezakegu, munduko gizarterik bortitzena baino indartsuagoa izango litzatekeena.
4. Ponta
Ruiva (PORTUGAL)
Ez dakit zergatik, baina zerbaitek bultzatzen ninduen leku honetara etortzera. Iazko zerrendan São Vicente lurmuturra agertzen zenean, inguruko guneak esploratzeko denbora falta zitzaidala adierazi nizuen. Ba aurten, nire kuriositatea asebete dut eta Ponta Ruiva-raino heldu naiz Itzurungo hondartzaren lehengusu ilegorriaren bila. Urrutitik arreta deitzen zuena gero eta interesgarriagoa bihurtzen ari zen gerturatu ahala, hiztegi geologiko bat osatuz: abrasioa, badia, chrevron, diskordantzia, eskistoak, failak, grauvakak, hareharriak, itsaslabarrak, Karboniferoa, metamorfismoa, shale, turbiditak, urradura-plataforma… osagai asko naturalista bat zoratzeko modukoak. Eta horien artean, bat nabarmendu behar: diskordantziarena, zentzu askotan ematen delako. Hasteko, behera begiratzen baduzu, shale ilunaren gainean itsaslabar gorrixkak eratu dira, bertikalki komunztadura apurtuz. Halaber, isolaturik dago, ez dago hain gorria den itsaslabarrik beregandik gertu, iparralde-hegoalde norabidean ere diskordantea delarik. Bukatzeko, denborari dagokionez, ikertzaileek izugarrizko hutsune geologikoa identifikatu dute zonalde honetan, beraz, denboraren jarraikortasunarekin bat ez datorrela azaldu nahi digu. Honek suposatzen du ez daukagula milioika urtetan gertatu zenari buruzko ideiarik. Edozer izan liteke, edo agian ezer ez. Nire hipotesia zera da: baliteke familia ugari batean biziraun zuen seme bakarra izatea eta horrexegatik ez egotea ondoko itsaslabarretara begira, itsasora baizik, bere anaia-arrebak noizbait aurkituko dituelakoan.
3. Parque
Natural da Arrábida (PORTUGAL)
Astroak lerrotzen direnean zentzugabekoa dirudien hori egin dezazun, ez galdu aukera, merezi egingo du eta. Azken orduko ideiak munduko hoberenak izan daitezke, baldin eta jarrera irekia mantentzen baduzu, barrura begira dauden gorputzek ez baitute oparietarako espaziorik. Bi esaldi hauek Arrabida Parke Naturalean emandako egun horiek ederki laburbiltzen dituzte. Printzipioz, ez ginen hona etortzekoak, baina seinale guztiak harantz abiarazi nahi gintuzten, eta zergatik oso ondo ulertzen ez bagenuen ere, kasu egin genien. Hasiera desastre hutsa izan zen, ordea, gure fede propioa aztertu nahi bagenu bezala, baina prestatu gabe joatearen arduragabetasunak ustekabeak onartzearekin eta arazoei bat-bateko irtenbideak bilatzearekin orekatu genuen. Eta zure gaitasunetan benetan sinesten duzunean, oztopo handienak ere ez dauka zu izutzerik. Nire ustez, bidaia bat era egokian antolatzean baino, ezusteko guztiak konpontzean datza heldutasuna.
Behin lehendabiziko
eguneko froga guztiak gaindituta, menditik hondartzarako bidea hartu genuen eta
altitudearekin batera, zailtasun guztiak murrizten joan ziren. Eta orduan
ailegatu zitzaigun inprobisazioaren ondoriozko ordainsaria. Hiru kolore bikain
nahasten ziren gure begien aurreko paisaian: atzeko aldeko mendi handien berde
bizia, hauek euskarri zuten itsaso turkesena, eta zeru lainotuaren tonuak
imitatu nahi zituen hondar zuri-zuria. Hiruki horrek zeharo desorientatuta utzi
gintuen, bata Kantauri Itsasora eta bestea Karibera lekualdatuta sentitzen zelarik, hots, antzekotasun handirik ez duten bi tokitara, bizitzen ari ginen
desdoitzea konfirmatzen duena.
Aldez
aurretik informaziorik ez irakurtzea oso mesedegarri suertatu zitzaigun eta
hori gutxi balitz, bakarrik geunden, hondartza osoa guretzakoa zen, imajina
genitzakeen espektatiba guztiak gaindituz. Honek irakasten digu abenturazaleok haien gogobetetzea
lortzeko bide bakarra euren bihozkadak jarraitzea dela. Eta eguna amaitzeko, gure intuizioak iradoki zigun gure etxe eramangarria itsaso alboan jartzea, gauean zehar olatuen soinu-bandak kulunka gintzan.
2. Tulip
fields in De Stolpen (HERBEHEREAK)
Harritu nazazu behin eta gogoratuko zaitut; harritu nazazu bitan eta betiko eramango zaitut. Zaila da sinestea batzuetan daukagun zortea eta horregatik, amore eman behar dugu gauzak nahi genuen moduan atera ez zirenean, horrek beste zerbaitera eramango gaitu eta. Iaz gogoz geratu eta aurten atzerapen baten ondorioz hementxe bukatu nuen, duela 2 urte mota honetako zelai batzuk bisitatu osteko oroimen onengatik.
Tulipa-zelaiak
herrialdearen izaerari dagokion paisaia mota da. Azken finean, Herbeheretarrak
moldatu ziren egokiak ez ziren lurretan nazio bat eraikitzeko eta era berean,
erliebe aldaketak ez dituen herrialde batean kontrastez beteriko irudiak
sortzeko. Altuerak nahikoa aniztasun ematen ez badu, koloreek eman dezatela.
Lerro zuzenetan banatutako landare horiek, ortzi-muga urrutian elkartzen
direnak, izugarrizko koloreen eztanda osatzen dute. Gu heldu ginenean, tulipak gure
zain zeuden, antza, guk ikusi arte desagertu nahi barik, beraien 2018ko nahia hori izan
balitz bezala. Eta haien azken bizitza-orduetan gure arima bete ondoren,
lurperatu ziren datozen urteko bisitari kuriosoak zoriontsu egiteko xedez.
Paul
Austerren “The New York Trilogy” liburuan zegoen esaldi bat etorri zitzaidan
burura aurtengo bisitan, eguna oso ondo laburbiltzen duena: “Bizitza batek
beste bizitza bat ukitzen du, geroago beste bizitza bat ukitzen duena, eta berehala
konexioak zenbatezinak dira, edozein kalkulutatik at”. Egunero normala ez den
bide bat hartzen duzunean, oso polita da zure bizimodua errespetatu ez ezik
hura osatu ere nahi duten pertsonekin topo egitea. Eta hor daude paisaia nahiz
bertako biztanleen edertasuna, elkar aberasten, aurreiritzi guztiak eraisten,
mundua leku hobea izan daitekeela frogatzen.
Bigarren parteak
ez baitira beti lehendabizikoak baino okerragoak.
1.
Sines-Praia de Malhão (PORTUGAL)
Azkenik,
lehendabiziko postura heldu gara. Zalantza galantak izan ditut postu hau esleitzeko,
beti bezala, erantzukizun izugarria delako, baina aurten, Sines-Malhão arteko
ibilaldia da 2018ko urrezko domina irabazi duena.
Normalean, gune bateko puntu ezagunak bisitatu nahi ditugunean, toki bat bisitatzen dugu eta hurrengora iristen gara garraioaren bidez. Nik, ordea, puntu horiek lotzen dituen ibilbidea egin nahiago dut, bitarteko leku ezezagunak aurkitzeko aukera ematen dizulako eta hasiera batean ikusi nahi zenituen lekuak espero ez dituzunean azaltzen direlako. Hala, espresuki bisitatu nahi zenituen leku horiek ere harri zaitzakete.
Normalean, gune bateko puntu ezagunak bisitatu nahi ditugunean, toki bat bisitatzen dugu eta hurrengora iristen gara garraioaren bidez. Nik, ordea, puntu horiek lotzen dituen ibilbidea egin nahiago dut, bitarteko leku ezezagunak aurkitzeko aukera ematen dizulako eta hasiera batean ikusi nahi zenituen lekuak espero ez dituzunean azaltzen direlako. Hala, espresuki bisitatu nahi zenituen leku horiek ere harri zaitzakete.
Ibilaldi
honetan, ez nuen aurkitu munduko hondartzarik txundigarrienak, baina denak
ziren politak. Ez zegoen ederra ez zen lekurik, ezta aspergarria zenik ere.
Algarven ez bezala, kilometro bakoitzean erabat aldatzen zen paisaia, goiz
bakar batean ostadarreko kolore guztiak ikusteko abagunea emanez. Horretaz
gain, askoz ere ustiaketa txikiagoa pairatu du kostalde honek. Horren ondorioz,
izengabeko bitxi ezkutuez josita dago, non isolamenduak eta anonimotasunak
daukaten xarmaz goza dezakezu.
Gure
abenturan, mota guztietako irudiak azaltzen zitzaizkigun: hemen harri
esferikoak, han harea arruntagoa; hemen metakin fin laminatuak, han masiboki
deformatutako arrokak; hemen poltsikoan sar zenitzakeen hondartzak, han
kilometroetan hedatzen zirenak; hemen egunean minutu batzuez soilik arnasten
zutenak, han itsasgorari aurre egiten ziotenak; hemen
basamortu itxurakoak, han oso berdeak zirenak, baina hor hareatza zabalak
pinudiekin konbinaturik zeudenak; eta batzuetan, hondartzak ahalegindu gabe higatzen ziren, badland eta
ripple perfektuak sorraraziz; beste batzuetan, aldiz, itsasoak bere furia guztia
erabili behar zuen arroka gogorren gainean zartadura ñimiño bat eragiteko; eta tartean,
itsasoak arroka sendo horiek beraiek erauztea lortzen zuen, zeinek
irabazten zuen oso argi ez zegoela.
Koloreek,
beren aldetik, sekuentzia apurtuak osatzen zituzten. Hots, logika tonal bat
jarraitzen ari zirela uste zenuenean, bat-batean, ttak! Gaia guztiz aldatzen
zen eta inola espero ez zenuen tonu bat azaltzen zen aurrean. Hasieran hareharri
gorriak, beranduxeago harearekin kamuflatzen ziren bide laranjak eta haratago,
monotonia hausteko, landare berde eta granateak arroka-ama grisaren gainean. Baina aldaketaren aldaketa segituan zetorren, laminatutako arroka beltz eta laranjen formaz. Eta aldaketaren aldaketa guztien laburpen gisa, tarte batzuek malkar
berdeak, harea zuria eta bloke biribil grisak uztartzen zituzten. Testuinguru koloretsu honetan, landare inbaditzaileak ere ikaragarri politak ziren,
espezie exotikoen gamek bat egiten baitzuten inguruko koloreren batekin.
Horrelako
agertokian geunden gu, inguruko elementu guztiak erabiltzen: ura bainatzeko, hondarra
esfoliatzeko, dunak haizetik babesteko, landareak itzala izateko, animalien
kantuak lokartzeko… Natura, inoiz agortzen ez den hornitzaile eskuzabala.
Asko dira bidai horretatik atera nituen ikasgaiak, irakurleokin partekatzea gustatuko litzaidakeenak: utzi eramaten; eta
arriskatu; eta akatsak egin; eta beldurra izan; eta egunsentia zein iluntzeak disfrutatu; eta harearen ehundura sentitu,
geroago biluzi eta haizearen laztanez gozatu; eta etxeko janari ona balioztatu;
eta hondartzara jaitsi olatuekin jolasteko, gero arroketara oinutsik igotzeko eta haien
gogortasuna sentitzeko… Baina gehienbat, kaosean konfiantza
izan, oso jakintsua da eta. Azkenik, hitz bat irakatsiko dizut, zure etorkizunean
beharko duzulakoan, hemendik aurrera zure bizitzaren filosofia izan behar
delako. Tira, errepikatu nirekin: EN-TE-LE-KIA.
0 comentarios: