Bada garaia blog honi hautsa kentzeko, normalean baino 4 hilabeteko
atzerapenarekin. 2017 definitu dezaket "hiri bat urtaro bakoitzeko"
espresioaren bidez. Egia esan, leku ikaragarri anitz ezagutzeko aukera izan dut
eta oso zaila izan da ranking honetarako 15 leku besterik ez hautatzea.
Tokiaren ezaugarriak ez ezik bertan bizi izandako esperientziak ere hartu ditut
aintzat, subjektibotasunari lekua emanez. Berandu, baina ez beranduegi, jar
ditzagun begiak dagoeneko urruti geratzen zaigun 2017. urtean, paisaia ederrak
eta hauek inspiratutako sentimendu are ederragoak gogora ekarriz.
15. PEGO DO INFERNO (PORTUGAL)
Eta has dezagun zerrenda egungo
bizitokiarekin, zerrendan behin eta berriz azaldu egingo dena. Urederraren
bertsio idorrago honek misterioz betetako kondairak gordetzen ditu bere baitan.
Uste baino sakontasun altuagoarekin, infernuarekin konektatzeko akaso (hortik
etorriko litzaioke izena), bertakoek diote behin karroza bat erori zela bertan,
baina ez zaldiak ez bertan zihoazen bidaiariak ez ziren sekula ere aurkitu. Are
gehiago, batzuek ziurtatzen zuten itsasoan ageri zirela gorpu guzti horiek egun
batzuen buruan, lakua infernuarekin ez ezik Guadiana ibaiarekin ere lotuta egon
behar lukeela iradokiz. Kaltzio karbonato misteriotsu hau…
Bertara iritsi nintzenean, lekuaren erakargarritasunaz
gozatzeaz gain, beldur batzuei egin behar izan nien aurre eta kosta egin zitzaidan.
Baina azkenean, kondairan bezala, beldur horiek hondoratzea lortu nuen, eta
baliteke orain fosa ozeaniko sakon batean egotea, edo apika infernuan bertan…
14. INNSBRUCK (AUSTRIA)
Urtero bezala, hiri bat sartu da zerrendan eta aurten
Alpeen erdian kokatzen den Austriako hiri honi egokitu zaio. Ez da izan aurten
bisitatu dudan hiririk harrigarriena, ezta ondare aberatsena duena ere. Baina
atentzioa deitu zidan hasiera-hasieratik, lan-arrazoiengatik soilik joan
nintzen arren. Egia da bere etxe koloretsuak eta Hofkirche elizaren barruko
aldea txundigarriak direla, baina dudarik gabe elurrak jokatu zuen gako
papera, bereziki jada espero ez nuen garai batean (apiril erdialdean edo) erori
zelako. Eta arraroa egingo bazaizue ere, koloreen ausentzia ordezkatzen duen elementu zuri honek hiria
apaldu ordez fatxadetako kolore biziak areagotu zituen. Lurra orduantxe hasi ahal
izan baitzen berak jarri berri zuen mihisearen gainean margotzen.
13. TXINDOKI (EUSKAL HERRIA)
Jakin badakigu Txindoki
Euskal Herriko mendi popularrenetariko bat dela eta nire gustukoenen artean dago dudarik gabe. Ez zen igotzen nuen lehenengo aldia, baina faktore
askok egin zuten ezberdin aldi honetakoa. Hasteko, inprobisazio hutsak eraman
izana, ez baitzen gure A, ezta B plana ere. Momentuan bertan erabakita, betiko
bista zoragarriak eskaintzen hasi zen tontor hau, hartara ustekabe handirik
eman gabe. Baina igotzen ari ginela, goi-laino trinkoa sartzen hasi zen eta inoiz ikusi
ez nuen irudi bat jarri zigun aurrean. Zeren oso ondo ezagutzen nuela
pentsatzen banuen ere, arrotz egiten zitzaidan bertan antzematen ari nintzena, oroitzen eta imajinatzen nuen arteko nahaste-borraste bat zelarik. Eta horretan datza lainoaren magia, ezaguna
ezezagun eginez eta errealitatearekin bat ez datorren eta pertsonaz pertsona
aldatzen den irudi bat errealitate bihurtuz.
12. COMBARRO (GALIZIA)
Eta goazen orain niretzat oso esanguratsua den
leku batera, batik bat nire familiaren jaioterria delako. Bere itxura
ederrarengatik, postu altuago bat mereziko luke, baina turisten masifikazioak
kentzen dio, neurri handi batean, arkitektura tradizional erakargarri horrek duen
xarma. Hala ere, Galiziaren identitatearekin lotu ditzakegun elementu ugari
biltzen ditu lurralde honek: itsasadarraren paisaia, harrizko etxe txikiak,
horreoak, hizkuntzaren presentzia bera… Eta aztikeriaz, inoiz ezagutu ez nituen
arbasoengana hurbiltzea ahalbidetu zidan herri honek.
11. MONCHIQUE-FOIA-MARMELETE (PORTUGAL)
Esperientzia
errepikaezinen ildoa jarraituko dugu oraingoan. Algarvearen hain turistikoa ez
den zonalde honek oso zapore ona utzi zidan, gehienbat bere
autentikotasunagatik. Janaria, lo-zakua eta kanpin-denda motxilan sartuta
(hots, abenturarako oinarrizko kita), probetxu izugarria atera genion asteburu
sinple bati, non, abentura guztietan bezala, behin baino gehiagotan gauzak ez
ziren espero genuen moduan atera. Baina une horietan bertan bizitzak erakusten
zigun, kointzidentzien bitartez, ezkortasuna segituan kanporatzen zuen
gertakari zoragarri bat, gizakiarenganako fedea berreskurarazten ziguna. Ez dakit gauzak
planeatu bezala atera balitz hobeto irtengo ziren, baina ziur nago emaitza ez
zela hain magikoa izango. Mendizerra baino altuago dauden izarrak hobeto ikusten
baitira irribarrea kendu ezinik zaudenean.
10. BUFONES DE PRIA (ASTURIAS)
Asturiasi ez zaio harritzeko kartutxoa inoiz
bukatzen eta urtero bezala, erkidego autonomo honetako toki bat azaltzen zaigu
zerrendan, berriz ere kareharriei lotutako paisaia batekin. Hemen infernuri
jaramonik ez eta zuzenean itsasoari konektatuta azaltzen zaizkigu geoforma
hauek, atmosferak eta hidrosferak sekretupeko harremanik eraman nahi ez dutela
adierazi nahi baligute bezala. Pasabide liluragarri hauek han-hemenka zulatu
dituzte itsas-labarrak, litosfera erlazioaren konplize bilakatuz; eta hala,
itsasoaren umorearen arabera, labirinto konplexu honetako bide bat ala beste aukeratzen
du bere maitaleari muxu gazituak emateko. Hori guztia atzeko aldeko barrera
menditsu izugarriaren begipean.
9. MONTSENY (KATALUNIA)
Parke natural hau
bisitatzen nuen bigarren aldian lehendabizikoan baino askoz ere hobeto
ezagutzea lortu nuen. Beste behin ere azaldu egiten da inprobisazioaren
garrantzia. Hasiera batean askoz ere lasaiagoa izango zen ibilbidea joan ginen progresiboki
luzatzen eta oso konpletua izaten bukatu zuen. Egun horretan zientzia
naturaletako klase magistral bat eman zigun Ama Lurrak, non biologia, geografia edo
geologia hain ondo nahasten ziren, ezen agerian uzten baitzuten diziplina hauen
arteko mugak gizakiak ezarritakoak direla, natura muga horietatik haratago
joaten dela. Hala, behetik hasita, udaberriaren etorrera sumatzen zen haran
hondoan, gorago negu-udaberriaren arteko trantsizioa nabaritzen zen bitartean.
Jada mendialdean geundenean, prozesu biofisiko ezberdinen arteko harremanak
trinkotu egiten ziren, gailurretan Lurraren erdigunetik urrunago egon arren, naturaren
boterea hobeto sentitzen delako. Eremu horretan, mendiko loreek bizirauten
zuten harri solteen azpian, kantxal izugarriek kentzen zioten landaretzari
hazteko abagunea eta testuliburuetako Föhn efektuak gertatzen ziren. Bai,
naturaren zati bakoitza ederki enkajatzen zen ondokoekin, plaka tektonikoekin gertatzen
den antzera, funtsean gure planetak entropiatik haraindiko antolakuntza maila bat mantentzen
duelako.
8. PRAIA DE BENAGIL (PORTUGAL)
Algarvearen postal tipikoena dugu Benagil; berez
hondartzak ez du ezer berezirik, baina ondoan dagoen kobazuloa aho bete hortz
uzten du bertaratzen den edozein. Hara iristea erabaki genuenean goitik
bakarrik ikustea pentsatzen ari ginen. Geroago, kayak edo inkluso txaluparen
bidezko tour batez bisitatzea planteatu genien geure buruei. Baina azkenean
gure baliabide pertsonalak erabiliz iritsi ginen, igeri eginez, olatuen aurka, itsasbehera
zegoelako zortea profitatuz. Zeharbide laburra, bai, baina minutu bakoitzak
arras garrantzitsua zirudien, bila joan ginen edertasun natural horretara
hurbiltzen ari zitzaigulako. Eta barruan zaudela, berehalaxe sentitzen duzu
naturaren handitasunaren pisua, zure sorbaldak euskarri aukeratu duen zergatia
oso ondo ulertzen ez baduzu ere, eta zeure buruari behin eta berriz galdetzen
diozu nola sortu ahal izan zen ia erortzear zegoen babesleku inperfektu hori.
7. VALENSOLE-KO IZPILIKU-ZELAIAK (FRANTZIA)
Azken aldi honetan, nekazal-paisaiari geroz
eta garrantzi handiagoa ematen ari natzaio eta hori dela medio azken urteotan landa-paisaia
eta bere urtarokotasunari elkartutako eszenatokiak agertzen ari dira ranking
honetan islaturik. 2017 izpilikuei egokitu zitzaien, Provence-ren ikur nagusia
direnak, paisaia koloreztatzeko duten gaitasun bikainagatik, baita hauen
usain ezberdintzaileagatik ere. Gora eta behera doazen ar more erraldoiak
balira bezala, perspektibekin jolasteko posibilitate oparo ematen du tartekatutako
muino eta sakonune txikiez egindako patroi horrek. Azken finean, izpiliku-zelai
dinamiko horiek arestian aipatutako naturaren entropia ordenatu horretan
gainjarritako beste geruza superordenatu bat osatzen dute. Eta ondorioz,
antolakuntza maila altu hori gehiegizkoa ez izateko, kasualitatez iritsitako bi
bidaiari galduren kaosa.
6. CABO DE SÃO VICENTE (PORTUGAL)
Algarveko kostaldea oso
interesgarria da, ikuspuntu geomorfologiko zein estetikotik aniztasun altua
eskaintzen duelako. Niretzat lau tarte desberdin sailka genitzake:
irla-barreren hare argiko hondartza lauak; lehendabiziko itsaslabarrak, kolore
gorrixkako arroka bigunez osatutakoak; erdialdeko itsaslabar horixkak; eta
hego-mendebaldeko itsaslabar zurixkak. Baina ezaugarri hauek orokortasunak
besterik ez dira, São Vicente lurmuturraren barnean aniztasun ikaragarria
baitago, itsaslabar zuriei eskisto eta grauvakek emandako kolore beltz eta
gorrixkak gehitzen zaizkielarik. Eta arroka hauen gogortasuna dela kausa, higadura
erabat nokeatuta suertatzen da, ozeanoak bere olatu bortitzenak etengabe
erabiltzen baditu ere. Pareta bertikal baino bertikalagoez jositako kostalde honetan,
hondartzak ez dira oso arruntak, eta beraz, sortu direnak urrezko harribitxiak
sentitzen dira lapis lazuli koloreko uren artean. Eta paradoxikoki, mineral
horiek eratzeko premiazkoak diren milioika urteen aldean, hango bazter eder
guztiak esploratzeko denbora falta zaidaneko sentsazioaz itzultzen naiz beti.
5. SENTIER DES OCRES, ROUSSILLON (FRANTZIA)
Hainbeste ur eta
mendiren artean, leku idorragoa azaltzen zaigu oraingoan. 2017n birritan
egoteko aukera izan nuen, lehenengoan herria bakarrik ikusi eta ibilbidearen
ateetan geratu ondoren. Okreen herria deritzon honetan, gehien gustatzen
zaidana da inoiz baino argiago ikusten dela eremu naturala eta antropikoaren
arteko lotura estua. Hala, bertako etxeetako fatxadak inguru hurbileko harri
berezi horien isla hutsak dira, naturak eskura zituen tonuekin herria margotu
balu bezala. Ibilbideari dagokionez, txundituta utzi ninduen arroken kolore
beroko abanikoak eta horien gainean sakabanatuta zeuden pinuen berde
ilunaren arteko konbinaketa perfektuak, nahiz eta zirkulu kromatikoaren ia kontrako
aldeetan egon. Eta falta ziren gamak tonu okre horiek hartzen zituen lurzoruaren
gainean loratutako izpilikuek osatzen zituzten. Nire aburuz, espektakulu
koloretsu ikusgarri honek bazuen helburu argi bat: gizakia eta natura elkarren menpe
egon eta beti egongo direla gogoraraztea.
4. ELS EMPEDRATS, CADÍ-MOIXERÓ (KATALUNIA)
Mendialdera pasatuko gara
orain. Kasu honetan, bazter hau aukeratu nuen helmuga, zer zegoen oso ondo jakin
gabe, mendiak beti izaten baitira erakargarriak soilik mendiak izateagatik.
Hala, abiapuntu genuen ermitez jositako ibilaldi historikoak gehiago ibiltzeko gogoa
piztu zigun. Aldapa bortitzeko tarteak jarraitu zuen, non igotzearen
ondoriozko nekea soberan konpentsatuta suertatzen zen gero eta ederragoak ziren
bistekin. Kontraesankorki, altueran igo ahala, landaretza txikiagotzen ari zen,
agian guregandik hurbilago egoteko xedez, eta apirila izanagatik, zuhaixkek udazkeneko
baso atlantikoaren kolore guztiak harrapatu zituzten. Azkenik, ia
tontorrean geundela, hodeiekin kamuflaje-jolasean ziharduten Pirinioetako
tontor elurtuak agertzen ziren atzeko aldean.
Goiko aldeko
mugagabetasunaz aski gozatu ostean, arroila batean zeharreko jaitsierari ekin
genion, zintzur hau indusi zuen ibaia hamaika aldiz zeharkatuz, geu ere ibilgu
osotik lekualda zitezkeen fluidoak bagina bezala, zein zen ibaia eta zein pertsona
argi ez ezberdintzeraino. Egia zen, ez zen mendiari buruzko informaziorik
bilatu behar bisita justifikatzeko, ez, mendien handitasunak berak arnasa kentzen
dizuten hainbat ustekabe aurrean jartzen dizkizulako, aldi berean inoiz baino
gehiago betetzen zaituen aire garbia oparitzen dizun bitartean.
3. LES CALANQUES (FRANTZIA)
Aurtengo rankingean
kostaldea jaun eta jabe izan da, nahiz eta txoko bakoitzak besteengatik
ezberdintzen dituen ezaugarri bereziak biltzen dituen. Frantziako Les Calanques
deritzenak turistikoak bezain lasaigarriak dira, bi adjektibo horiek
uztargarriak badira, eta mundu osoan dira ezagunak kareharrien artean sortu
diren haran ikusgarriengatik, Eskandinaviako fiordoen antza dutenak, baina
kutsu mediterraneoarekin. Fiordo mediterraneoak, alegia, kontzeptu honek
inolako zentzurik badu. Kareharri guztietan bezala, urak, karbonatoaren disolbaketaren
bidez, arroka-ama zulatu du han-hemenka, azalera gorabeheratsua sorraraziz. Eta
zirrikitu estu horien barneko toki imajinaezinetatik hazten dira landareak, irregulartasunean
egonkortasuna aurkitu dutenak, hori nola edo hala posible baldin bada. Behin espezie
aitzindariek zimenduak ezarrita, errazago elkartzen zaizkie hurrengoak, arroka
zuri eta itsaso turkesaren argitasunaren aldean dezente kontrastatzen duten
berde ilun koloreko alfonbra zabalak osatuz. Egia da, baina, kolore lasaien
arteko kontrastea besterik ez dela hemengoa, espresio zertxobait kontraesankorra
izan daitekeena.
Turistikoak bezain
lasaigarriak, fiordo mediterraneoak, irregulartasunean egonkortutako landareak,
kolore lasaien arteko kontrasteak… Barkatuko didazue zehaztasun falta, baina
edertasunari buruz idaztea izatez zehaztugabea da, oraindik ere hizkuntzek
berau deskribatzeko hitz egokirik asmatu ez dutelako.
2. JAIZKIBEL (EUSKAL HERRIA)
Ia urtero gorde behar
diot zerrendako postu altuenetariko bat Euskal Herriko altxor honi. Beti esaten
dudan moduan, joaten naizen bakoitzean bazter eder berriak aurkitzen ditut eta
oraindik ere ezkututako bitxi asko ditut ezagutzeke. Egia da, halaber, aurten
egindako ibilbidean ikusitakoa ez zela berria niretzat, baina oraingoan egun
berberean ikustea lortu nuen banan-banan aho zabalik utzi ninduten txoko
guztiak. Ibilaldi luzea eta nekagarria izan zen, galduta geunden momentuekin
batera, intsektu eta sastraka arantzadunei aurre eginez; baina emankorra,
hunkigarria eta atsegingarria era berean, geologia hain ondo sentitu
daitekeelako hareharrietan eratutako geoformen alfabetoari esker. Labetxuko
odol koloreko arroketatik segituan igaro zaitezke paramoudra estralurtarrak
dituen hondartza batera, eta apur bat geroago hain sentikorrak ez diren tripofoboak
ere beldur ditzaketen honeycomb kuriosoekin jolas dezakezu beheko aldeko ur
urdin argia duten senaiak miresten dituzun bitartean. Badago landare bat,
Armeria euscadiensis izenekoa, ia bakarrik mendi honetan hazten dena eta
planeta osoan horren berezia den endemismo honek ongi adierazten duen lez,
Jaizkibel bakarra dago munduan.
1. GORGE DU VERDON (FRANTZIA)
Amaitzeko, beste inguru eder batera mugituko
gara, 2017ko urrezko domina irabazi duena, paisaia nahiz esperientziagatik. Eszenatokiari
dagokionez, Verdon Ibaiak pareta kareharritsuen artean zizelkatu duen zintzur
izugarri bat da eta edonondik begira zaudenean, ikuskizun liluragarria duzu
bermatuta. Izan ere, eremu natural honetan koloreek bizitasun handiagoa erdietsi
dute: landaretza berdea baino berdeagoa da, ibaiak ezohikoak diren tonu
turkesak hartzen ditu, eta inkluso metatutako ibai-barrak inon baino distiratsuagoak
dira. Bai, nire bizitza profesionalean hainbeste aldiz ikusi ditudan
ibai-prozesu berberak errepikatzen ziren erreka honetan, baina askoz ere dramatismo
eta intentsitate altuagoekin, ni neu inpresionatzeraino.
Bestalde, esperientzia ere oso baliotsua izan
zen, paisaia politenek ekarri ohi dizkigutelako euren parean dauden irakaspenak.
Hasiera batean eromena zirudien bidaiak, eta izan ere, alderdi emozionala
zalantzez beteta zegoen. Baina urte honetan ikasi dudan gisan, garrantzizkoa da burmuina-bihotzaren
dikotomia ongi bananduta izatea, bata edota bestea erabiltzea
aukeratu ahal izateko, eta kasu honetan, alderdi mentalak argi eta garbi
gomendatzen zigun aurrera egitea. Logika alde batera utzita, abentura lehenetsi
genuen eta bidean zehar azaldu ziren erronkek lezio paregabeak utzi zizkiguten.
Besteak beste, ikasi genuen ilargiaren argipean gurekin konektatzen; guregan
eta gure baliabideetan konfiantza izaten; zuhurtasunaren ordez arriskuaren aldeko apustua egiten; inprobisatutako
urrats bakoitzari ahalik eta magia gehien ateratzen; eta
garrantzitsuena, askatasunaren benetako esanahia ulertzen, eskuragai sentitzen
genuelako, eguneroko munduak jartzen zizkiguten mugak supituki desagertu
zirelako. Mundua geurea zen eta edozer egiteko gauza sentitzen ginen eta hauxe
da, nire ustez, askatasunaren definizio egoki bat.
“Ezinezkoa zela ez zekitenez, egin zuten” Anonimoa.
0 comentarios: