Author: Xabi Otero
•8:14 PM
Esnaraz dezagun blog-a nire sarrerarik gustukoenarekin. 2016 lan egiteko urtea izan da, bidaiatzeko astirik gabe, baina beti bezala, planetan zehar galtzeko denbora pixka bat topatu dut. 15 leku hauek azaleratu zizkidaten sentimenduak gogoratzeko ordua da!

15. NEW LANARK (ESKOZIA)



Leku hau bisitatzen nuen bigarren aldia, baina udaberri goiztiarreko eta berantiarreko paisaia oso ezberdina da. Aurten, inoiz ikusitako berde batekin disfrutatu ahal izan dut UNESCOren Gizatiaren Ondare hau. Hiri-geografian jokatu duen paper nabarmenaz gain, ingurutik dauden ur-jauziak eta fauna txundigarria da oso. Behin lekuaren historian murgidulta, zaila da gizarte justuago bat sortu nahi zuen utopiaren magia ez sentitzea.

14. NAARDEN (HERBEHEREAK)


Eta hiri-geografian oso berezia izan den beste leku batera pasatzen gara oraingoan. Gaur egun goi-klasearen gotorleku bihurtu bada ere, bertako arkitektura mires dezakezu parke tematiko batean zaudela sentitu barik. Berpizkundean gauzatu ez ziren ideia anitzen aldean, salbuespena dugu Naarden, Erdi Aroko kaosarekin apurtu nahi zuen antolakuntzan oinarritutako hiri-eredu bat. Nire kasuan, oso ondo tratatuta sentitu nintzen eta bazter bakoitzean izkutatzen den historia puskaz ikasi ahal izan nuen bertako jendeari esker.

13. OBAN (ESKOZIA)


Eskozian maiz egonagatik, ez nintzen herri honetatik inoiz pasatu. Nire aburuz, Oban hitz batek deskribatzen badu, lasaitasuna da, etengabeko isiltasun baketsu bat sumatzen delarik. Ez dakit zergatik, baina etxean egongo banintz bezalako sentsazio bat izan nuen bertan eta izan ere, baditu euskal kostaldeko herri arrantzaleekiko amankomuneko elementu ugari. Batez ere itsasoarekiko lotura hori, bai mariskoaren hiriburua delako, bai egiazko leku arrantzalearen kresalaren usaina dariolako. Oban Urola Kosta edo Lea-Artibain egon zitekeen eta atzerrian hilabete batzuk eman ondoren, ez dago etxean sentitzea bezalakorik.

12. ZUID KENNERMERLAND (HERBEHEREAK)


Zelako plazerra da parke nazional batetik hurbil bizitzea! Herbeheretan horren erabilia den bizikleta hartu eta bertara joan izan naiz paisaia naturalagoak ikusi nahi nituenean. Herrialde honetako dunen artean, hauekin gelditzen naiz, udaran kontraste izugarriak daudelako (basoak, lakuak, harea, loreak...), baita erakartzen duten faunagatik ere.

11. AÑARBE IBAIA (EUSKAL HERRIA)


Urtero bezala, ibaien barrena ibili naiz eta aurten leku ezezagun ederrak aurkitu ahal izan ditut horri esker. Argazkian azaltzen dena Añarbe ibaia da, Gipuzkoako alderdian, eta ibaiak naturalago bihurtzeko argumentu bisual eta sinplea osatzen du Urumearen ibaiadar honek tarte ugaritan. Eta imajinatu inguruko inpaktu guztiak kenduta, zelako leku polita geldituko litzatekeen... Gertuko leku ezezagunengatik doa haimakagarren postu hau.

10. SICCAR POINT (ESKOZIA)


Akaso Eskoziatik pasatzen den ibiltari arrunt batentzat kostaldeko eremu labartsu hau kostaldeko eremu labartsu polita besterik ez da izango, baina lur-zientziei lotutakoentzat geologiarako mugarri honek izugarrizko xarma dauka. Agian diskordantzia geologikoen argitasuna izango da, halabeharrez hauxe izango balitz bezala historian aurkitu behar zen diskordantziaren lehenengo adibidea. Eta bai, Ama Lurraren itxaropenak errealitate bihurtu ziren XVIII. mendean.

9. KAKUETA (EUSKAL HERRIA)


Euskal Herriko probintzia hau deskubritzeke neukan aurreko udara arte. Beti bezala, kareharrizko paisaiekiko konexio handia sentitzen dut, material hauei lotutako sekretuengatik batik bat. Eta zer erraza da jendeari erakustea eremu karstikoa zer den Kakuetako iturburua ikusten dutenean. Hori bai, dagoen turisten masifikazioarekin, lekuaren energia sentitzea zailagoa izaten da, etengabeko distrakzioak dituzularik. Beste une batean bueltatu beharko!

8. MARKEN (HERBEHEREAK)


Herbeheretan ikusi dudan herririk xarmangarriena. Egia da herrialde honetako herri guztiek badituztela etxe, monumentu eta kanal ikusgarri asko, baina Marken elementu desberdinak biltzen ditu eta hortaz, Herbeheretako homogeneotasuna apurtzen du. Agian bere isolamenduagatik izan da, gizakiak tonbolo artifizial bat eraiki egin zuen arte, baina plazer galanta da beti Marken-en errepublika independentera itzultzea.

7. BARNS NESS (ESKOZIA)       


Toki guztiek historia bat dute ezkutaturik eta hori argitzea gure esku dago. Monumentu arkitektonikoak ondo ulertzeko atal guztien nondik-norakoak jakitea beharrezkoa den moduan, paisaia naturaletan bilakaera geologikoa da lekuan benetan murgildu ahal gaituena. Barns Ness beste toki arrunt bat izango zen niretzat, bere erraietan gordetzen duen sekretua ezagutarazi ez balitzait. Izan ere, irudipena gehien estimulatu didan paisaia izan da urte 2016n, Karbonifero garaian baso zabal bat existitu zela ikasi nuenean. Bertan ikus nitzakeen zuhaitzen enborrak egungo zuloetan enkajaturik, hostoek eremua oihan tropikaletako berde horrekin koloreztatzen zutelarik. Eta esperientzia berezi hauek dira hasiera bateko itxura baino garrantzitsuagoak, oroigarriagoak direlako.

6. LLAFRANC (CATALUNYA)       


Leku turistikoak jendez gainezka egoten dira, bai, baina horretarako arrazoiak ere badituzte. Costa Brava idiliko eta famatuan, kostaldeko paisaia mediterraneoaren esentzia senti daiteke: landaredia ezberdina, espezie gutxiago egotean hobeto ikusten den substratu geologikoa, postaletako ur turkesa hori, itsasontziak turkesa horretan orban zuri sakabanatuak izanik, gastronomia ederra dastatzeko aukera... Catalunyarako bidaia baten abiapuntua eta amaiera puntua izan liteke lasai asko.

5. HILLEGOM (HERBEHEREAK)       


Orain arteko argazkietan, badirudi edertasuna betiko edo urte osoko kontua dela, baina nekazal lurretan hori ez da beti hala izaten. Edertasunak, txorien migrazioen antzera, joan-etorriak egiten ditu urtean zehar, aurrean daukazun panoramaren ikusgarritasuna laboreen zikloaren fasearen menpe egonik. Topografiak inolako kontrasterik ematen ez duen herrialde batean, loreek ematen diote bizia azpiko lurzoruari. Herbeheretan ikusi dudan fenomenorik politena eta gomendagarriena zinez.

4. GLEN ROY (ESKOZIA)      


Eskoziara bueltatuta, denbora luzez zientzialarien buruak hautsi zituen enigma batera pasatzen gara. Glen Roy haran isolatu bat da, non arrokan grabatutako lerro paralelo batzuk ikuska daitezkeen. Azkenean, laku glazial baten maila ezberdinen arrastoak zirela ondorioztatu zuten eta Barns Ness-ek geologiaren aldaketak irudikatzen laguntzen zuen gisan, Glen Roy-k aldaketa klimatikoek eragindako prozesu geomorfologikoak irudikatzeko aukera aparta ematen digu. Hantxe bertan erraz imajina ditzakezu izotzaren lodiera eta denboran zehar izandako bilakaera. Eta gero pentsatu zenbat hipotesi planteatzen ari ziren duela 100 bat urte, geologiaren erritmo mantsoa gorabehera gertakari katastrofikoak eman zitezkeela ez onartzeko.

3. GLENCOE (ESKOZIA)       


Eskoziako Highlands-etan milaka txoko eder daude. Hegoaldetik zatozela, oso trantsizio politaz goza zaitezke, gero eta harrituago uzten zaituena. Bide horretan, badago inflexio-puntu bat Skye eta Iparraldeko zonaldera iritsi baino lehen eta hori Glencoe da. Iaz ere bertan gelditzeko aukera izan nuen, eta ederra iruditu zitzaidan hartan, baina aurten lekua gehiago sentitzeko denbora izan dut. Gaita baten doinuak hondo-musika zelarik, haran ikaragarri honen elementu bakoitzari begira nengoen zur eta lur, iazko panorama eta aurtengoa alderatuz, maiatza eta ekainaren arteko aldea denboran laburra izan arren, paisaian kontraste itzelak zeudela ohartuta.

2. HOLTZARTE (EUSKAL HERRIA)       


Zerrenda honen bigarren postuan, etxera itzultzen gara daukagun lekurik zoragarrienetako bat goraipatzeko. Gure lurralde historiko ezezagunenean, Olhado eta Olhadübia ibaiek zizelkatutako amildegi erraldoi hau zain dago bisitaria aho zabalik uzteko. Eta hori gutxi balitz, bertan eraikitako pasarela zeharkatzeak ematen dizun adrenalina gehi abismo dramatiko honen gainean kokatzeko aukera aparteko esperientzia da, niretzat erabat inspiragarria. Hori bai, turista mordorekin partekatu beharko duzu tokia.

1. PENTLAND HILLS (ESKOZIA)

     
Eta ranking-a bukatzeko, Eskoziara itzultzen gara azken aldiz, Pentland Hills ingurura. Berez, bertako pasaia ez da Highlands-etakoa bezain dramatikoa eta agian beste egun batean joatekotan, ez zitzaidan hainbesterako irudituko. Baina askotan aipatu dizuet egoera meteorologikoak izugarrizko garrantzia duela panorama batekiko dugun pertzepzioan. Eta nire kasu partikularrean, konexio izugarria sentitzen dut lainoarekin, hagitz xarmangarria iruditzen zait eta sentimendu pila esnarazten dizkit egoera meteorologiko berezi honek. Eskozian oso ohikoa da, bai, baina normalean 5-15 minutuko joan-etorriak egiten ditu; egun hartan, aldiz, gurekin egun osoa gelditu zen, misterioz jositako paradisu bat sorraraziz. Eta itzuleran, atzera begira eta laino trinkoagoa zegoen, iraganako urratsak ahazteko eta aurrera jarraitzeko esango baligu bezala.

THE END

Istorio inspiragarri gehiago: https://www.facebook.com/Lurretik63/?fref=ts
This entry was posted on 8:14 PM and is filed under , , , , . You can follow any responses to this entry through the RSS 2.0 feed. You can leave a response, or trackback from your own site.

0 comentarios: