Author: Xabi Otero
•11:18 AM
Ongi etorri atal honen hirugarren kapitulura!. Aurten Britania Handiko irlaz aparte, ez naiz gehiegi mugitu, baina nahikoa izan da leku ederrak topatzeko. Kameraren arazoak gorabehera, hementxe doa aurtengo ranking-a:


15. THE ROACHES (INGALATERRA)

 

Leku honekin hasi nahi nuen zerrenda. The Roaches-ek markatu zuen 2015eko gehiengoa: urtaro ezberdinetan bisitatu nituen, aldaketak oso nabariak izanik. Neguko elurra lozorroan zeuden txilar gorrixkekin konbinatuta, udaberrian kolore berdeagoek ordezkatuta. Hilabete batzuetako egonaldia honekin hasi eta bukatu, koadernoa ireki eta itxi egin nuen.

14. NEWBOROUGH BEACH (GALES)

 

Prestatutako irteerak espero gabeko emaitzak izan zituen. Planifikatutakoaren aurka joatearen ondorioz, eszenatoki hau hobeto esploratzeko aukera izan nuen. Oso erakargarriak iruditu zitzaizkidan bertako lurtzoru haretsuak, pinudien landaketak, kostaldeko dunak eta pillow-labak (Lagako hondartza gogoraraziz)... eta hori guztia martxoan horren ezohikoa izaten den eguraldi apartarekin: hondartzan kamisetaz ibiltzen ginen bitartean, Snowdonia-n ordu batzuk lehenago botatako elurra ikusten zen mendi tontorretan. Eta buru zuri horiek hondartzaren lasai zirauten putzuetan islaturik.

13. ARBAIUN (EUSKAL HERRIA)

 

Arbaiuneko arroila ikaragarria iruditu zait betidanik, baina aurten beste modu batean bizitzeko aukera izan nuen. Goitik ikustera ohituta, perspektiba horizontalera aldatu nuen eta hala, esperientzia ere zeharo ezberdina izan zen. Arrokak eta ibaiak utzitako metakinen gainetik ibili, batzuetan igoz eta beste batzuetan jauzi eginez, geroago zetorren tarteko ur epeletan igerian joateko. Turistak Tailandiara erakartzeko iragarkien argazkien antzeko panoramikak genituen aurrean, etxetik gehiegi mugitu gabe.

12. MINNACK THEATRE (INGALATERRA)

 

Ingalaterrako paisaia tipikoari buruz galdetuko baligute, beharbada muinoak, heskaiez egindako hesiak eta familia bakarreko etxebizitzak etorriko litzaizkiguke burura. Baina ur turkesak eta hare argi eta fineko hondartzak ere topa ditzakegu sarritan, Kornuallesen gertatzen den gisan. Bazter hau are interesgarriagoa egiteko, antzoki bat eraiki zen itsaslabarren artean. Gainera, kolore ezberdinetako loreekin apaindu zen, kutsu mediterraneoagoak harrapatuz. Kultura eta zentzumenetarako gutizia hau bisitatu beharreko leku bihurtu da nire zerrenda pertsonalean.

11. AMSTERDAM (HERBEHEREAK)

 

Europako erdialdeko hiriburu garrantzitsuenetako bat, baina hiri handiko sentsazioa ematen ez duena. Amsterdam-ek beste hiri eredu bat proposatzen du arlo askotan. Hasteko, garraioan, non bizikletek bereganatzen duten trafikoa. Bigarrenik, eraikitzeko modua, etxebizitza bloke handiak denda anitz eta gune berde zabalekin konbinatuta agertu ohi direlako. Azkenik, eskaintza kulturala oso aberatsa delako, hala bertakoentzat nola atzerritarrentzat. Bizia eta lasaia aldi berean, halakoa da Amsterdam.

10. HELVELLYN (INGALATERRA)

 

Aurreko bidaia batean ezagututako pertsonek animatu ninduten leku hau apuntatzera. Lake District Parke Nazionalaren barnean, Eskoziarako gelaurrea dugu eremu hau. Oso famatuak diren ibilaldi mordo daude parkean zehar, baina agian politenak lirateke mendilerroak jarraitzen dituztenak: Swirral Edge eta Striding Edge. Glaziarrek utzitako aztarna morfologikoak eta bertan sortu diren lakuak dira aire garbiko esparru honetan disfrutatu daitezkeen elementuak.

9. ZUMAIA (EUSKAL HERRIA)

 

Normalean askotan bisitatzen diren lekuak lilura galtzen doaz. Niretzako salbuespena Zumaiako bitxi geologikoa da. Askotan joan arren, itsasbeherarekin egonez gero itsaso azpian gelditzen ziren geruzak azaleratzen dira, eta irudia zertxobait aldatzen da. Putzuetako fauna dela, liburu geologiko bizia dela, kobazuloak edo itsaslabarrak direla, Zumaiak badu etengabeko xarma hori.

8. BEDRUTHAN STEPS (INGLATERRA)

 

Kostalde labartsuetan jaioa eta kostalde labartsuen bila noa nire zeharkaldietan. Honako honek atentzioa eman zidan erabat. Itsaslabar handiak izateaz gain, harkaitz erraldoiak azaltzen ziren hondartzaren erdian. Eta horien inguruan, goroldio berde izugarriak ikusten ziren. Eta hauek putzu turkesek inguraturik azaltzen ziren aldi berean. Bertan eseri eta Lurraren esfera bakoitzak emandako tonu nagusiak gozatu egin nuen, bakardadearen lasaitasuna sentitzearekin batera. Orduan, olatuen joan-etorriak besterik ez zuen denbora markatzen.

7. KYNANCE COVE (INGALATERRA)

 

Toki honen atzean oso istorio polita dago. Honen existentziaz ezer jakin gabe, oso gertu zegoen lurmuturrera abiatu nintzen. Baina bidetik topatutako bertako batek gomendatu zidan nire ibilaldia pixka bat gehiago luzatzea senaia honetaraino. Halaxe egin nuen eta bat-batean Ingalaterran gehien gustatu zitzaidan lekuan amaitu nuen. Geomorfologikoki oso tonbolo interesgarria da, are gehiago hareak hartzen dituen kolore argiekin, baina atzetiko istorioa politagoa iruditzen zait. Agian ikusi gabe geldituko zen eremua, baina bidaian zeharreko urratsek hartaraino gidatu ninduten. Inprobisazioaren abantaila da ezusteetarako bidea zabaltzen duela.

6. HIRU ERREGEEN MAHAIA (EUSKAL HERRIA)

 

Euskal Herriko punturik altuena ezagutu nuen behingoz. Edertasunez jositako ibilaldi honetan, tarte erakargarri ezberdinak aurkitu daitezke igotzen zaren heinean: 1) hosto zabaleko eta konifero autoktonoek osatutako baso berdeak; 2) kareharrian eratu diren mikroforma karstikoak; 3) jatorri glaziarreko haran eta lakuak belarrek bereganatutako mailan, elurtegi txikiekin konbinaturik; 4) inguruko Pirinioetako tontorrek sortutako soslaia. Fase bakoitza desberdina da eta guztien artean, oso ibilaldi atsegina sortzea lortzen dute.

5. QURAING, SKYE (ESKOZIA)

 

Bidaiaren helmuga izanda ere, bazirudien ez ginela inoiz iritsiko. Azkenean, bazirudien ez zela helburura iritsiko, baina azken orduan bete egin zen. Eta azken mugimendu horri esker, askoz ere gehiago gozatu genuen. Gune tropikalean baino eguraldi aldakorragoa izanik, fenomeno meteorologikoen aniztasun ikaragarria agertu zen gure aurrean: txingor agresiboa, haizeteak, euri bortitzak, eguzkia, lainoa, ostadarra... Aspertzeko modurik ez eta antzinako puntu bero batek osatutako material bolkanikoek gehiago liluratzen laguntzen zuten. Skye, ortzia bezala sonatzen duena eta benetan zerua bezalako paradisua dena.

4. RUTA DEL CARES (ESPAINIA)

 

Picos de Europa oso mendikate interesgarri eta didaktikoa da. Cares-eko Ibilbideak arnasa kentzea lortzen du bertatik pasatzen ari diren edozein ibiltariri. Izugarrizko desnibelekin, kostatzen da imajinatzea urak halako arroila zizelkatzea lortu duela. Amildegitik erortzear dauden arroka eta landareek dramatismoa gehitzen diote basahuntzen erreinu honi, non gizakiak bidea eta kanalak baino ez dituen eraiki. Erabat gomendagarria.

3. LABETXU, JAIZKIBEL (EUSKAL HERRIA)

 

Jaizkibel urtero gehitzeko moduko mendia da. Bere altuera txikia izanagatik, gune ederren dentsitate altuenetakoa du. Beti dauzka bazter sekretuak gordeta bertakoei aho bete hortz uzteko, milaka aldiz bisitatu badute ere. Senai ikusgarriak ahaztu barik, hareharriak harrapatzen dituen koloreek lurretik kanpokoak dirudite. Labetxu aldean, tonu arrotz horiek klimaxera heltzen dira. Odol koloreko estratuak itsasora jaisten dira horixkak diren hareharriekin tartekaturik. Hareharrian sortutako mikroformak txundigarriak dira eta beraz, detailezko argazkiak egin nahi dituztenentzako paradisu ukaezina da. Zein izango da datorren urtean ezagutaraziko didan hurrengo bazterra?

2. PARYS MOUNTAIN (GALES)

 

Inoiz ez nuen pentsatu paisaia antropiko bat hainbeste gustatu ahal zitzaidanik. Baina Parys Mountain-en, gizakiak barnean ezkutatuta zeuden materialak azaleratu ditu eta tonu anitzetako ikuskizun bat eskaini bide batez. Muino eta depresiogune txikiak tartekatuz, antzinako meategi honek ezohiko parajea eskaintzen du, haize-sorgailuek arrarotasuna haratago emanez. Gune bolkaniko riolitikoen antzekoa, non naturak ez duen ezberdintasuna ematen, gizakiak berak baizik.

1. CWM IDWAL (GALES)

 

Oso berezia da Galeseko Iparraldeko Snowdonia izeneko mendikatea, kontuan harturik ekialderago dauden Ingalaterrako mendiek ez dituztela altuera dramatiko hauek harrapatzen. Horrexegatik uste dut Cwm Idwal-era ailegatu nintzela momentu egokienean eta honi esker ohartu nintzen zenbat botatzen nituen mendiak faltan. Inguru honetan topa daitekeen desnibela ikaragarria da eta nonahi azaltzen dira glaziarrek utzitako arrastoak. Bisitaren unean, gainera, eguraldi aldakorrak era guztietako egoerak bidali zizkigun. Hasieran txingorra eta euria, eta gero goi lainoak besterik ez. Baina askotan gertatzen den moduan, ekaitzaren ondorengo argitasunak oso tonu bereziak ematen dizkio paisaiari eta argazki ederrak ateratzera gonbidatzen gaitu. Bai, Galeseko bidaia oso berezia izan zen.


THE END
|
This entry was posted on 11:18 AM and is filed under . You can follow any responses to this entry through the RSS 2.0 feed. You can leave a response, or trackback from your own site.

0 comentarios: