Author: Xabi Otero
•12:04 AM
Aurreko urtean, ranking honi hasiera eman nion eta hementxe daukazue 2014ko entrega. Lehia izugarria zegoen, baina azkenean, honako hauekin gelditu naiz.

15. ARAXES IBAIA (EUSKAL HERRIA)


Lanak ibai honen bazter ezkutuenak ezagutzera eraman ninduen. Ibaiaren barruan ibiltzeak inguruarekiko beste pertzepzioak ematen dizu eta esperientzia ederra izan zen, zalantza barik. Zentzu honetan, lanak arrastatu ohi duen konnotazio negatiboa ez zen nire kasuan bete. Zeharkatu nituen ibai guztien artean, Araxes izan zen bereziena, arroka eta landaretza oso era ikusgarrian konbinatzen zirelako.

14. CASTILLO DE PERACENSE (ESPAINIA)


Gazteluak eraikuntza erakargarriak izaten dira. Peracensekoak, gainera, arrokarekiko erabateko konplizitatea erakusten du, argazkian ikusten den gisan. Izan ere, estetika pixka bat ahaztu eta harrizko egiturak zeuden tokian, hauek ez suntsitzea eta defentsarako aprobetxatzea erabaki egin zen modu eraginkorrean.

13. THREE CLIFFS BAY (GALES)

Galeseko kostaldean, edertasun ugari aurki ditzakegu, batik bat Gower deritzon zonaldean. Three Cliffs Bay (hiru labarretako badia) inguru interesgarri horietako bat da. Izenak dioen bezala, hiru itsaslabarrek eratzen dute, ibai meandrotsu batekin batera. Harearen tonalitateak, bertan asentatu den landaredia edo labarretan antzeman daitezkeen kobazulo txikiak dira beste erakargarritasun batzuk.

12. PINAR DEL RODENO (ESPAINIA)


Hareharriak harrapa ditzakeen formak eta koloreak oso bestelakoak izan daitezke. Hala, Pinares del Rodeno izeneko paisaia babestuan, tonu gorriak izaten dira nagusi, pinudien kolore berdeekin nabarmen kontrastatzen dutenak. Gainera, eremu honetan barrena elementu geologiko interesgarri anitz sakabanaturik daude: gnammak (urez betetakoak zein urik gabekoak), taffoniak, honeycombs, Liesenang eraztunak… geomorfologia maite dutenentzako paradisua!

11. JAIZKIBEL (EUSKAL HERRIA)


Etxe ondoan daukadan kostaldeko mendi hau esploratzea eskertzekoa da beti. Hareharriak ere esparru honetan, baina orain kolore horixkak nagusitzen dira. Aurreko espazioan aipatzen ziren geoformak oraingoan ere azaltzen zaizkigu (gnammak, taffoniak, honeycombs, etab.). Halaber, sekretu anitz gordetzen dituen lekua dugu, oraindik ere hamaika bazter deskubritzeke dauzkadalarik. Baina chevron-ez betetako mendi honek erakutsi didana nahikoa da top 15 honetan agertzeko; besteak beste, Armeria euscadiensis bezalako espezie endemikoak edo kolore ederretako kala txundigarriak.

10. Oświęcim / AUSCHWITZ (POLONIA)

Iturria: http://mw2.google.com/mw-panoramio/photos/medium/2768223.jpg

Aurten gune naturalak ez ezik gune historiko-kulturalak ere azpimarratzekoak dira eta horietako bat Auschwitz da, bertan dagoen museoak bisitaria zur eta lur uztea lortzen duen heinean. Gizakiak eragindako katastrofeak izugarriak dira zentzu guztietan, eta museo honek duen atmosferak  transmititzen du tristura erraldoia, ulertu ezinezko tragedia batengatik. Erailak suertatu ziren ahots errugabeen oihartzunak, gizakiaren krudelkeriaren aiztopean isilarazia izan zena, atzetik jarraituko zaitu handik zabiltzanean, baita hurrengo egunetan ere.

9. ALBARRACIN (ESPAINIA)


Kultura ezberdinak nahastu eta elkarrekin bizi direnean, ondare historiko paregabea duten enklabeak sortzen dituzte. Albarracin sartuko litzateke kategoria honetan, argazkiak argi erakusten duen moduan. Herria bera erakargarria izateaz gain, kokalekuak ere ikaragarri laguntzen du, meandro enkajatu baten inguruan asentatuta egonda. Hau gutxi balitz, garai, tonu eta itxura desberdinetako geruzez inguratuta dago eta herriaren goiko partea harresi ikusgarri batek dominatuta dago.

8. EDINBURGH (ESKOZIA)


Normalean, ez nuke hiri bat horrelako ranking batean aipatu ere egingo, baina Eskoziako hiriburuak hemen sartzea merezi du, argi eta garbi. Munduko eguraldi hoberena ez badu ere, hirian dagoen atmosfera oso berezia da. Erdi Aroko eraikuntzez josita, historia gordetzen du edozein bazterretan, ibiltaria inpresionatzeko zain. Honi gehitu behar diogu hiriaren ondoan dagoen menditxoa, nondik bista ederrak disfrutatzea posiblea baita. Historia, literatura, politika, geografia edota bestelako alorrak gustuko izanez gero, hauxe da bisitatu beharreko hiria.

7. LEZEGALDE (EUSKAL HERRIA).

 Egilea: Carlos Galán

Gure mundua Lurraren geruza batera mugatuta dago. Gehienok ez ditugu ezagutzen goi-altueretan edo itsaso azpian gelditzen diren Lurraren zati horiek. Kobazuloekin beste horrenbeste gertatu ohi da, planeta honen erraietan gelditzen den mundu ikaragarria izanagatik. Euskal Herrian, kobazulo ikusgarri asko ditugu, eta Lezegalde dugu adibide esanguratsu. Behin hemen sartuta, eguraldi eta denboraren pertzepzioa zeharo galtzen da eta orduak eman ditzakezu korridore ilun eta itzel hauetan zehar. Akuiferoak, espeleotemak, fauna ezezaguna eta amildegiak dira, besteak beste, hemen gozatuko dituzun elementu bitxienak.

6. LOCH LOMOND (ESKOZIA)


Gizakiok sentitzen dugun hidrofilia aprobetxatuz, Eskoziak laku dezente ditu edozein bisitari harritzeko prest. Loch Lomond agian herrialde honetako lakurik ederrena litzateke, iritziak iritzi. Oso erraz lor daiteke laku osoaren bista Conic Hill izeneko muinotik. Nire bisitan, bertara heldu nintzen goiz, jendetza bertara abiatu baino lehen, eta eguraldiaren aldakortasuna kontenplatu ahal izan nuen gertutik. Minutu batean, erabateko ikuspena izatetik laino dentsoak estalitako paisaia izatera pasatzen ginen, argazkiak ateratzeko aukerak zabalduz. Laino iragankor horrekin, sentsazioak haratago pizten ziren, Eskoziako esentzia eskuratu berri bazenu bezala. Eremu xarmangarri, magiko eta dinamikoa.

5. BARRANCO DEL PERUANO (ESPAINIA)


Aurten ibai desberdinek zizelkatutako arroila batzuk disfrutatu ahal izan ditut. Nire aburuz, harrigarriena Barranco del Peruano izan da. Hareharri gorriek (Pinar del Rodenon azaleratzen ziren formazio berdintsukoak) arroilaren pareta osatzen dute eta honen oinarrian, tarteka etortzen den urak sortutako jauziak eta putzuak daude, habitat hauei egokitu diren espezieekin batera. Honetaz gain, gizakiaren boterea ere sumatu daiteke: asentamenduak, inskripzioak eta eskulturak nonahi aurki daitezke. Oso paseo polita, baina eguzkitik babesteko tokirik ez!

4. SNOWDON (GALES)


Herrialde honetako punturik garaiena, iragan geologiko interesgarri baino interesgarriagoa aurkezten duen lekua dugu oraingoan. Latitude eta altitude horretan kokatuta egonik, glaziarrek utzitako arrastoak suma daitezke han-hemenka: U itxurako haranak, lakuak, morrenak… Ibilaldi lasaia goiko partera iristeko, trenez igotzeko aukera ere dagoela. Eguraldia izaten da aspekturik negatiboena, nahiz eta nik zorte izugarria eduki nuen.

3. RHOSILLI BAY (GALES)


Kostaldeko indarra sentitzeko aparteko lekua. Badia honetan, itsaslabarrak antzinako itsas mailaren lekuko dira, enbatetan sortzen diren olatuak higatze-lanekin hasi badira ere. Zalantza barik, Worm’s Head Penintsula oso elementu erakargarria da zonalde honetan. Putzuez betetako urradura-plataforma oinarri duelarik, ibilaldi gorabeheratsua (ez konplikatuegia, ordea) eskaintzen du, itsasbehera dagoenean bakarrik egin daitekeena. Guztiz gomendagarria!

2. TATRA MOUNTAINS (POLONIA)


Egilea: Gildas Beauchamps

Poloniako gune altuenetan, Tatra mendi boteretsuak genituzke. Altuera honetan, Snowdon-en kasuan bezala, glaziarren arrastoak senti daitezke bazter askotan. Zailtasun ezberdineko bideak daude hala igandezale nola abenturazaleentzat. Hori bai, kontuz ibili behar da, nire ustez behar liratekeen segurtasun-neurri batzuk faltan daudelako. Nolanahi ere, natura basatiaz gozatzeko eta hiriko giroa erabat ahanzteko leku aproposa da.

1. ISLE OF ARRAN (ESKOZIA)


Eta lehendabiziko postuan Arran irla egongo litzateke arrazoi asko direla medio. Hasteko, aldez aurretik pentsatuta ez zegoelako eta bakarrik gauzatutako abentura bat izan zelako. Jarraitzeko, irla osoaren irudi zehatza egitea lortu nuen, ia leku guztiak bisitatzeko denbora izan nuelako. Bertako biztanleek nahiko ondo tratatu eta leku gehiago bisitatzera animatu ninduten, gainera, oraingoz turistez nazkatuta ez baitaude. Eta honek, hain zuzen, ematen dio xarma handia irlari, naturaltasun gradua altu samarra delarik, paisaien koloreetan bereizi daitekeen legez. Mendiak, hondartzak, whisky-destilategiak, fauna ikusteko aukera, itsaslabarrak, kobazuloak, monumentu megalitikoak… sakon aztertuz gero, Arranek hasieran dirudien baino sorpresa gehiago izango ditu gordeta zuretzat.


                                                                    THE END
|
This entry was posted on 12:04 AM and is filed under . You can follow any responses to this entry through the RSS 2.0 feed. You can leave a response, or trackback from your own site.

0 comentarios: