Author: Xabi Otero
•11:55 PM
Azken egunotan, Donostian erregistratu diren olatu erraldoien berri izan dugu Euskal Herrian. Tenporala izenarekin ezagututa, berriz ere itsasoak bere boterea erakutsi digu gizakioi. Euskaldun gehienak oso harrituta daude, baina hau al da harritzeko modukoa? Aldaketa klimatikoaren ondorioa apika?

Egia esan, Donostian oso ugariak izan dira tenporal hauek historian zehar eta zorionez, dokumentu grafikoak baditugu. Segidan aurkeztuko diren argazkiek Gipuzkoako hiriburuan urte ezberdinetan jazotako itsas-ekaitzak islatzen dituzte (ezkerretatik eskubitara eta goitik behera: 1923, 1927, 1933, 1935 eta 1944). Eta argi ikusten da azken argazkian olatu handiek eragindako suntsipena Paseo Berrian, egun gertatzen den antzera. Halaber, nire amonak kontatu zidan bere gaztaroan horrelako olatuak gertatzen zirela behin baino gehiagotan, eta halako batean, Donostiako espigoia eraiki zuten baino lehen, olatuak Mirakruz Kalera heldu zirela. Beraz, fenomeno berria ez da, inolaz ere, eta badirudi ez dela areagotu denboraren poderioz.




Iturria: San Sebastián Desaparecida Facebook-eko taldetik ateratakoak. Honek, aldi berean, Kutxatekatik atera ditu.

Hala izanik, esan dezakegu marea bortitz hauek naturalak direla. Eta hona iritsita, mareak sortzearen arrazoiak esplikatzea komenigarria da. Horretarako, Eguzki-Lur-Ilargi sistemara joko dugu. Sistema honetan, gorputz bakoitzak besteak erakartzen ditu grabitatearen bitartez. Baina indar hau distantziaren menpe dago; zenbat eta gertuago, orduan eta indar handiagoa egongo da.


Iturria: Introduction to astronomy deituriko irakasgaiaren apunteak, nik aldatuta.

Eguzkia eta Lurra soilik aintzakotzat hartuz gero, goian agertzen den irudi bat edukiko genuke. Goiko marrazkiak Lurra irudikatzen du (zirkulu beltzaren bidez) eta ezkerretara eguzkia kokatu behar genuke. Esan dugun gisan, Eguzkiak Lurrarengan erakartze-indarra aplikatzen du Lurraren zentrutik R distantzia batera; era berean, kontrako norabideko magnitude bereko indar bat sortzen da Lurrean, indar zentrifugoaren izenarekin ezagutzen dena eta Eguzkiaren grabitate-indarra konpentsatzen duena. Indar zentrifugoak intentsitate-balio berak izango ditu Lurraren edozein punturako, grabitatea puntuaren arabera ezberdina den bitartean, Eguzkiarekiko distantzia (R) aldatzen delarik. Adibidez, A punturako, Eguzkiarekiko distantzia jaitsi da R(A) puntura zeinen balioa R(A) = R - Lurraren Erradioa baita; arestian aipatu izan den lez, indarra igotzen da distantzia murrizten den heinean, beraz A puntuan, eguzkiak ezartzen duen indarra handiagoa da Lurraren zentruarekin alderatuz eta honek esan nahi du indar zentrifugaren magnitudea gainditzen duela. C puntuan, aldiz, distantzia R(C) handiagoa da (R(C) = R + Lurraren Erradioa), beraz indarra txikiagoa izango da, berriz indar zentrifugoarekiko desoreka bat sortuz. Amaitzeko, B eta D puntuek zentruaren indar-intentsitate berbera izango dute (R(B) = R(D) = R), baina norabidea zertxobait okertuko da Eguzkiaren zentruaren kokapena dela eta. Honen guztiaren ondorioz, goiko irudiko gezi horiek indikatzen digute zeintzuk diren Lurraren zentruan ezartzen den indarraren eta puntu horien indarren arteko diferentzia. Honek esan nahi du eguzkia nolabait saiatzen dela Lurraz tiratzen marrazkian grisez agertzen den (exageratutako) irudi bat emanez.

Alabaina, Lurra zurruna da eta ezin da modu horretan deformatu; itsasoa, ordea, fluidoa da eta deformatu ohi da hain ezagunak diren mareen bidez. Itsasgora A eta C bezalako puntuetan gertatuko da eta itsasbehera, B eta D puntuen longitude bera duten edozein tokitan.

Hala ere, Eguzkia ez da mareak sortzen dituen eragile bakarra, ezta garrantzitsuena ere. Hori Ilargiaren esku gelditzen da, zeinek, masa askoz ere txikiagoa daukan arren (indarra masa handiagoekin ere areagotzen da), Lurretik oso hurbil kokatzen denez gero, marea handiagoak sortzeko gai baita. Ideia bat izan dezazuen, eguzkiaren ondorioz sortutako mareak ilargiaren ondorioz sortutakoak baino % 46 txikiagoak dira, gutxi gora-behera.


Iturria: http://wc1.smartdraw.com/examples/content/examples/10_education/1_astronomy/phases_of_the_moon_l.jpg

Orduan, Ilargia mareen eragile nagusia dugu eta dakigun bezala, gorputz honek fase berezi batzuk aurkezten ditu hilabetero. Fase hauen existentzia Eguzki-Lur-Ilargi sistemaren kokapenari hertsiki lotuta daude. Hala, ilberria dagoenean, Ilargia Lurra eta Eguzkiaren artean kokatzen da; era honetan, Eguzkiak argitzen du Lurretik ikusten ez dugun Ilargiaren partea (hau da, Ilargiaren aurpegi urruna). Guretzat, Ilargia ilun agertzen da. Ilbetea dagoela esaten dugunean, berriz, Lurra kokatzen da sistemaren erdian, beraz Eguzkiak guretzat ikusgarria den Ilargiaren partea argitzen du (Ilargiaren aurpegi hurbila). Tarteko faseetan, Ilargia ez dago ez Lurraren aurrean, ez Lurraren atzean, irudiak erakusten duen gisan.

Hau esanda, zein fasetan espero zenukete marea handienak kokatzea?



Iturria: Waves, tides and shallow water processes. The Open University.

- Ilberria (goiko irudia) eta Ilbetea (beheko irudia): hauek ematen direnean, esan den legez, Eguzkia eta Ilargia norabide berean daude (syzygy-n), Ilargia Lurraren aurrean edo atzean egonda ere. Honek suposatzen du Ilargi zein Eguzkiaren erakartze-efektua areagotu egingo dela Lurrean eta deituriko udaberri-marea edo ingelesez spring-tide izugarriak eratuko dira.



Iturria: Waves, tides and shallow water processes. The Open University.


- Ilgora eta Ilbera: Ilargia eta Eguzkia ez daude syzygy-n edo norabide berean; beraz, Ilargiak ezartzen duen erakartze-indarra perpendikularra da eguzkiak ezartzen duenarekiko. Hau dela medio, nolabait bi indar horiek gehiago orekatzen dira eta marea baxuagoak sortzen dira, marea hilak edo ingelesez neap tide kontzeptuarekin ezaguturikoak.


Iturria: http://thewatchers.adorraeli.com/uploads/perigee.png

Kasualitatez, egun hauetan (baita urtarrilaren hasieran ere) ilberriaren fasetik gertu egon gara, gaur bertan (urtarrilak 30a) ilberria egonda. Eta ilberria egoteaz gain, aintzat hartu behar dugu Ilargiaren orbita pixka bat eliptikoa dela, zeinek inplikatzen duen momentu batzuetan, Ilargia Lurretik gertuago egongo dela (perigeo) eta beste batzuetan, aldiz, urrunago (apogeo). Gertutasun edo urruntasun horrek distantzietan % 13ko aldaketak eragingo ditu, mareak % 20an aeragotuz edo murriztuz.

Laburbilduz, egun hauetan koinziditu du, alde batetik, ilberria eta bestetik, Ilargia perigeotik gertuko kokapena. Hau gutxi balitz, borrasken ondorioz finkatu den eguraldi desegonkorrak mareen egoera areago okertu du. Beraz, badugu suntsipenak sortzeko gaitasun izugarri altua duen elementu ezberdinen konbinaketa bat. Zer falta zaigu gure nahasketa leherkorrean are suntsitzaileagoa izan dadin?

Itsasotik gertu ezarri den hiri bat, hain zuzen, aldaketa hauekiko oso sentikorra dena. Horixe da Donostiak jokatuko duen papera, beraz. Arrisku naturalen ikuspuntutik, arrisku bat agertzen da bakarrik gizakiak balizko mehatxu natural baten ondoan bere bizilekua eraikitzen duenean. Donostia itsasoari irabazitako lurretan hazi da eta bere paisaia esanguratsuenen artean, Kontxa, Haizearen Orrazia, Paseo Berria edo Kursaala egongo lirateke, eta guztiak itsasotik oso hurbil kokatzen dira. Horregatik, halako fenomenoak gertatzen direnean, itsasoak nolabait bere eremua eskatzen du bueltan, bidean aurkitzen dituen edozein azpiegitura deuseztatuz. Beste hitzetan esanda, Donostiaren kokapen ederrak koste bat dakar.

Orduan, zein da irakaspena? Muturreko gertakariak dira ala aldiz, nahiko ugariak diren eta baldintza naturalen menpe mugitzen diren fenomenoak? Aldaketa klimatikoak eraginik al du kasu honetan ala ekonomiak kontrolatutako hiritartze-prozesuei bota behar genieke errua? Noiz arte pairatu behar ditugu euren burua elite izendatzen dutenek gauzatutako akatsak, etekinak ateratzea helburu bakar dutenak?

Esaldi batek dioena apur bat aldatuz, "Gertakari baten interpretazioa aldatzen da segun eta ze kristaletik begiratzen duzun". Ba agian bada kristala aldatzeko garaia.

BIBLIOGRAFIA:

- COURSERA, 2013-2014. "Introduction to astronomy" izeneko irakasgaiaren apunteak.
- THE OPEN UNIVERSITY. 1999. Waves, tides and shallow-water processes, second edition, pp 50-88.
This entry was posted on 11:55 PM and is filed under , , , , , , , . You can follow any responses to this entry through the RSS 2.0 feed. You can leave a response, or trackback from your own site.

0 comentarios: