Egia esan, Donostian oso ugariak izan dira tenporal hauek historian zehar eta zorionez, dokumentu grafikoak baditugu. Segidan aurkeztuko diren argazkiek Gipuzkoako hiriburuan urte ezberdinetan jazotako itsas-ekaitzak islatzen dituzte (ezkerretatik eskubitara eta goitik behera: 1923, 1927, 1933, 1935 eta 1944). Eta argi ikusten da azken argazkian olatu handiek eragindako suntsipena Paseo Berrian, egun gertatzen den antzera. Halaber, nire amonak kontatu zidan bere gaztaroan horrelako olatuak gertatzen zirela behin baino gehiagotan, eta halako batean, Donostiako espigoia eraiki zuten baino lehen, olatuak Mirakruz Kalera heldu zirela. Beraz, fenomeno berria ez da, inolaz ere, eta badirudi ez dela areagotu denboraren poderioz.



Hala izanik, esan dezakegu marea bortitz hauek naturalak direla. Eta hona iritsita, mareak sortzearen arrazoiak esplikatzea komenigarria da. Horretarako, Eguzki-Lur-Ilargi sistemara joko dugu. Sistema honetan, gorputz bakoitzak besteak erakartzen ditu grabitatearen bitartez. Baina indar hau distantziaren menpe dago; zenbat eta gertuago, orduan eta indar handiagoa egongo da.
Alabaina, Lurra zurruna da eta ezin da modu horretan deformatu; itsasoa, ordea, fluidoa da eta deformatu ohi da hain ezagunak diren mareen bidez. Itsasgora A eta C bezalako puntuetan gertatuko da eta itsasbehera, B eta D puntuen longitude bera duten edozein tokitan.
Hala ere, Eguzkia ez da mareak sortzen dituen eragile bakarra, ezta garrantzitsuena ere. Hori Ilargiaren esku gelditzen da, zeinek, masa askoz ere txikiagoa daukan arren (indarra masa handiagoekin ere areagotzen da), Lurretik oso hurbil kokatzen denez gero, marea handiagoak sortzeko gai baita. Ideia bat izan dezazuen, eguzkiaren ondorioz sortutako mareak ilargiaren ondorioz sortutakoak baino % 46 txikiagoak dira, gutxi gora-behera.
Hau esanda, zein fasetan espero zenukete marea handienak kokatzea?
- Ilberria (goiko irudia) eta Ilbetea (beheko irudia): hauek ematen direnean, esan den legez, Eguzkia eta Ilargia norabide berean daude (syzygy-n), Ilargia Lurraren aurrean edo atzean egonda ere. Honek suposatzen du Ilargi zein Eguzkiaren erakartze-efektua areagotu egingo dela Lurrean eta deituriko udaberri-marea edo ingelesez spring-tide izugarriak eratuko dira.
- Ilgora eta Ilbera: Ilargia eta Eguzkia ez daude syzygy-n edo norabide berean; beraz, Ilargiak ezartzen duen erakartze-indarra perpendikularra da eguzkiak ezartzen duenarekiko. Hau dela medio, nolabait bi indar horiek gehiago orekatzen dira eta marea baxuagoak sortzen dira, marea hilak edo ingelesez neap tide kontzeptuarekin ezaguturikoak.
Kasualitatez, egun hauetan (baita urtarrilaren hasieran ere) ilberriaren fasetik gertu egon gara, gaur bertan (urtarrilak 30a) ilberria egonda. Eta ilberria egoteaz gain, aintzat hartu behar dugu Ilargiaren orbita pixka bat eliptikoa dela, zeinek inplikatzen duen momentu batzuetan, Ilargia Lurretik gertuago egongo dela (perigeo) eta beste batzuetan, aldiz, urrunago (apogeo). Gertutasun edo urruntasun horrek distantzietan % 13ko aldaketak eragingo ditu, mareak % 20an aeragotuz edo murriztuz.
Laburbilduz, egun hauetan koinziditu du, alde batetik, ilberria eta bestetik, Ilargia perigeotik gertuko kokapena. Hau gutxi balitz, borrasken ondorioz finkatu den eguraldi desegonkorrak mareen egoera areago okertu du. Beraz, badugu suntsipenak sortzeko gaitasun izugarri altua duen elementu ezberdinen konbinaketa bat. Zer falta zaigu gure nahasketa leherkorrean are suntsitzaileagoa izan dadin?
Itsasotik gertu ezarri den hiri bat, hain zuzen, aldaketa hauekiko oso sentikorra dena. Horixe da Donostiak jokatuko duen papera, beraz. Arrisku naturalen ikuspuntutik, arrisku bat agertzen da bakarrik gizakiak balizko mehatxu natural baten ondoan bere bizilekua eraikitzen duenean. Donostia itsasoari irabazitako lurretan hazi da eta bere paisaia esanguratsuenen artean, Kontxa, Haizearen Orrazia, Paseo Berria edo Kursaala egongo lirateke, eta guztiak itsasotik oso hurbil kokatzen dira. Horregatik, halako fenomenoak gertatzen direnean, itsasoak nolabait bere eremua eskatzen du bueltan, bidean aurkitzen dituen edozein azpiegitura deuseztatuz. Beste hitzetan esanda, Donostiaren kokapen ederrak koste bat dakar.
Orduan, zein da irakaspena? Muturreko gertakariak dira ala aldiz, nahiko ugariak diren eta baldintza naturalen menpe mugitzen diren fenomenoak? Aldaketa klimatikoak eraginik al du kasu honetan ala ekonomiak kontrolatutako hiritartze-prozesuei bota behar genieke errua? Noiz arte pairatu behar ditugu euren burua elite izendatzen dutenek gauzatutako akatsak, etekinak ateratzea helburu bakar dutenak?
Esaldi batek dioena apur bat aldatuz, "Gertakari baten interpretazioa aldatzen da segun eta ze kristaletik begiratzen duzun". Ba agian bada kristala aldatzeko garaia.
BIBLIOGRAFIA:
- COURSERA, 2013-2014. "Introduction to astronomy" izeneko irakasgaiaren apunteak.
- THE OPEN UNIVERSITY. 1999. Waves, tides and shallow-water processes, second edition, pp 50-88.
















